ARG.: © ERA
etxeko-lanak era nafarroa
ETXEAN

Etxeko lanak

Lan egiteko ohitura eta eskolaren eta familiaren komunikazio ona: proba arrakastaz gainditzeko gakoak.

Hainbat gurasorentzat buruhaustea dira etxeko lanak. Ez alferrik, eztabaida sakona piztu da eskolak bidali beharreko etxeko lanei buruz, baita adin bakoitzean egin beharrekoaren tamainari buruz ere. Egiteko horretan lagungarri izan daiteke eskura izatea hiztegi edo entziklopedia aproposen bat, esaterako, Txikipedia. Tresna bikaina da haurren jakin-mina asetzeko eta haien lan egiteko ohiturak sustatzeko.

Edozein modutan, komeni da hezkuntza arloko profesionalek (irakasleek, pedagogoek) behin eta berriro azpimarratutako hainbat puntu nabarmentzea:

  • Ikasketa prozesua mailakakoa da eta aldaketek denbora eskatzen dute. Helduen lana da gune egokia lortzea seme-alabek etxeko lanak egin ditzaten, leku atsegina eta arreta galtzeko estimulurik gabea eta, batez ere, seme-alabek etxeko lanak egiteko ohitura hartzen laguntzea. Logikoa da etxeko lanak hasten diren garaian haurrek jolastea nahiago izatea, baina, poliki, ohitura lortzen badute dena izanen da errazagoa. Beraz, helduen zeregina ez da ariketak haurrekin egitea, ikasteko ohitura lor dezaten laguntzea baizik.
  • Garrantzitsua da gurasoen eta irakasleen arteko komunikazio ona. Tutore bakoitzak azalduko ditu etxeko lanak egiteko arauak. Edonola ere, zerbait egin gabe geratzen bada, gertatutakoa azaltzeko irakasleari idatzitako oharrak gehiago lagunduko du ikasketa prozesuaren gabeziak gainditzen, “aparteko” laguntzaz egindako ariketak baino.
  • Ikasleek beraiek soluziobideak aurkitzen ikastea. Gurasoen lana izanen da seme-alabak entzutea eta aurkitutako zailtasunari beste bide posible batzuetatik aurre egiteko aholkua ematea.

Etxeko lanetan ez ezik, ikasketa prozesu osoan ere garrantzitsua da seme-alaben ahalegina baloratzea eta motibazioa elikatzea eta, hizkuntzaren kasuan, euskara nagusia izan dadin une ludiko eta goxoetan ere, ez soilik ikasteko garaian.

CC BY-SA 4.0