KANPOAN

Euskaraldia, gero eta hurbilago

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da eta euskararen erabilera handitzeko xedea du helduen hizkuntza ohituretan eraginez.

Haurrek distantzia handia ikusten dute esaten zaienetik (egin euskaraz), helduen munduan ikusten dutenera (euskaraz dakiten heldu askok ez dute elkarren artean hizkuntza horretan egiten). Distantzia hori murriztea izan behar da gurasoen, eta orokorrean, helduen egitekoa, euskara dakitenean erabiliz edo pixka bat baldin badakite, eroso sentitzen direnean erabiliz. Izan ere gurasoen hizkuntz portaerek eragin handia dute seme-alabenetan.

Euskaraldiak helburu zehatza dauka: 16 urtetik gorako euskaltzaleak aktibatzea eta prestatzea beren eguneroko harreman arruntetan euskaraz aritzeko, euskara ulertzen duten herritar guztiekin. Ekimena hainbat erakunde publikok eta herri-mugimenduk bultzatzen dute. 

Azken hamarkadatan, euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna duten herritarren kopurua asko igo da Nafarroan. Igoera hori oraindik ere nabarmenagoa da haurren artean.  

Ohikoa da entzutea ezagutzan izandako hazkundeak ez duela erabileran eraginik izan, baina kontuan hartu behar da hizkuntza bat erabiltzeko, ezagutzaz gain, beste hainbat aldagai daudela. Adibidez, hizkuntza horretan aritzeko erraztasuna, norbere eta inguruko pertsonen ohitura linguistikoak, hizkuntza erabiltzeko baldintza sozialak eta abar. Beraz, ezagutzea beharrezkoa den arren, ezagutzak bakarrik ez du erabilera bermatzen.

Euskararen indarberritze prozesuan haur eta gazteengan jarri da arretarik handiena, baina ezin dugu ahaztu haurren sozializazioaren helburua helduen munduan sartzea dela eta helduena dela gizartean eragin handiena duen adin-taldea.

Hizkuntza bat erabiltzea inoiz ez da ekintza indibiduala, kolektiboa baizik. Euskaraldia hizkuntza portaeretan eragiteko ariketa kolektiboa izanen da.
Ekimen horretan 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete honako bi rol hauetako batean: 

  • Ahobizi: Euskara dakiten edo ulertzen duten pertsonekin euskaraz arituko dira eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz eginen diete.
  • Belarriprest: Gutxienez euskaraz ulertzen duten pertsonak dira, eta ahobiziei gonbidapena luzatzen diete haiekin euskaraz aritzeko. Belarriprestek euskaraz edo gaztelaniaz erantzun dezakete.

Irailaren 20an izen-ematea zabalduko da eta identifikaziorako txapa erabiliko dute ekimenean parte hartzen duten guztiek.