Etxean

Euskararen ibilbidean euskaltegiak bidelagun aproposak dira

Irailarekin batera euskaltegietan izena emateko epea zabaldu da, eta honekin batera helduok euskalduntze prozesuari berrekiteko edo hutsetik hasteko garaia. Izan ere, euskarak etorkizunerako aukera bikaina eskaintzen digu, bai familian euskara transmititzeko, zein euskal komunitatean sartzeko eta kultura gozatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako 35 toki entitatek eta euskaltegiek bultzatzen duten aurtengo kanpainaren leloa hauxe da:  “#Eman like euskarari”. Sare sozialen hizkera erabiliz gazteak motibatzea lortu nahi dute, eta bide batez, euskaltegian izena eman dezaten. Izan ere, gaur egungo gazte horietarik anitzek euskara transmititu nahi diete beren seme-alabei.

Ibilbide horretan euskaltegiak bidelagun aproposak dira, ilusioz beteriko ikasketa prozesua eskaintzen baitute, helduei hizkuntza irakasteko metodologietan oinarri sendoa duena.

Familiak haurrak motibatu behar ditu hasieratik, beren ingurune hurbilean euskara komunikazio-tresna naturala izan dadin. Nolanahi ere, etxetik jasotzen dutenari eskolan ikasitakoa batuko zaie, haurrak euskalduntzeko eta gizarteratzeko gune garrantzitsua baita eskola ere.  mendi batzuk film baten kartelean

Edozein modutan, umetan edo gaztetan ikasitako euskara ahaztuxe duenak, edo sekula ikasteko aukerarik izan ez duenak eta ekiteko motibaturik dagoenak, aurten inoiz baino errazago du. Hain zuzen ere, Foru Administrazioko eta gizarte ekimeneko euskaltegien sare zabalaz gain, toki entitateek edota Nafarroako Gobernuak aurten diru-laguntzak emanen dituzte. Gainera, Malerrekako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateek doako matrikula eskaintzen diete eskualde horietan erroldaturiko auzokideei. Hona hemen euskaramusutruk kanpaina.

Helduek euskara ikasteko eskaintza zabala dago Nafarroa osoan, eta informazio hori jasotzeko 012 telefonora (edo 948 012012) deitu behar da. Zerbitzu hau irailean eskainiko dute, 08:00etatik 19:00etara.                

Informazio orokorra: euskaltegien sarea, matrikulatzea eta bekak.