era-nafarroa-euskara-navarra-euskera-oporrak-vacaciones
BaliabideakKanpoan

Euskarazko produktuen katalogoa

Eguberri garaian, seme-alabei edo ingurukoei opariak egiteko aukera paregabea izaten da. Hori dela eta,  Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatzen dute 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek. Haur eta gazteen aisialdian euskarak ere bere tokia izan dezan, gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu. Horrela, euskarazko musika, liburu edota jokoen bitartez, hamaika aukera eskaintzen ahal diegu euskara gozamenarekin lotzeko.

Urtero, merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egiten da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta. Zortzi ataletan sailkatuta jasotzen  dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailuak eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Azaltzen diren produktu guztien inguruko informazioa ere ematen da, produktuaren izena eta irudiarekin batera, egilea, adin-tartea eta argitaletxea ere adierazten baitira.

Katalogoa bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da. Batetik, paperezko edizioa dago eta, Eguberrien aurretik, 130.000 aletik gorako banaketa  egiten da. Bestetik, www.katalogoa.eus web orria dago. Gune horretan, paperezko edizioan datozen produktuak eta beste batzuk ere biltzen dira, baita argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere. Maiz eguneratzen da eta produktuak kontsultatzeko aukera ematen du urte osoan zehar.

Pasa den urtetik bai web atariak, bai paperezko edizioak bi atal nagusi dituzte: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako bestea. Paperezko edizioak ere bi sarbide ditu bi adin tarteak bereiziz. Diseinu horri esker, bilaketa errazteaz gain, nortasun propioa eman zaio adin tarte bakoitzari.

Halaber, webguneak aldiro argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen ditu buletin elektroniko batean eta  harpidetza doakoa da. Era berean, paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko modua ere badago.

Literatur lanen hautaketan laguntza behar dutenek, Galtzagorri Elkartearen webgunean ere laguntza topatuko dute. Bertan, euskarazko haur eta gazte literaturari eskainitako atal berezia dago, ezinbesteko irakurgaiak adinaren arabera zerrendaturik dituena.