Haurdunaldia prestakuntza garaia da, etorkizunera begira hartu beharreko zenbait erabaki eta ardura berri sortzen dira: berehala txiki geratuko zaizkion arropak, autoko aulkia eta paseorako ume-kotxea, sehaska erosoa bilatu, besteak beste.

Eta, zer egin euskararekin? Bete zuen “saski linguistikoa” baliabide eta erabakiekin. Izan ere, etxean nahi ditugun ohitura linguistikoez aldez aurretik mintzatzea garrantzitsua da, zerbait aldatu nahi badugu denbora eta energia beharko ditugulako eta horiek dira, hain zuzen, haurtxoa etxean dela urri izanen ditugunak!

Saski linguistikorako urrezko gomendioak umea iritsi aurretik:

  • Aurreikusi, etxeko helduen artean hausnartu, solas egin eta irudikatu euskarak etxean izanen duen lekua. Ez utzi geroko!
  • Erreferentziazko beste pertsonarik balego, harekin adostu hizkuntzari dagozkion erabakiak eta ohitura linguistikoak.
  • Etxeko euskaldun(ar)en ohitura linguistikoak sendotu edo aldatu, esaterako: euskaraz jakin arren ez baduzu egiten, ekiteko unea da; edo, etxean erdaldunak baldin badaude, irudikatu nola eutsiko diozun euskarari guztiak zaudetenean.
  • Etxeko erdaldunen jarrera positibo eta aktiboa bultzatu, esaterako maitasun hitzak edo oinarrizko esaerak ikasi, edo haurrari euskaraz hitz eginen dioten pertsonen rola babestu.
  • Etxetik kanpo ere, zergatik ez probestu etorriko den umearen berri emateko unea eta lagun zein senide euskaldunei eskatu ttikiari beti euskaraz egin diezaioten?
  • Ongi pasatzeko baliabideak bildu eta praktikatu: sehaska kantak, ipuin laburrak edota jolasak… jaiotzen denean erabiltzen hasteko.

Saski linguistikoa: sehaska kantak, formulak, jolasak, audio-ipuinak...

Sehaska kantak

Sehaska kantak

Sehaska kantak umeak erlaxatzeko erabiltzen diren kantak dira.

 

 

Etxeko kontuetarako

Etxeko kontuetarako

Musika atalean hainbat bilduma topatuko dituzue: (1) Esnatzeko, komunera joateko, jateko eta etxeko beste zenbait egoeretarako kantu bilduma. (2) Haur niniekin jolasteko (3) Urtebetetze kantuak …

Niniekin jolasteko formulak eta kantak

Niniekin jolasteko formulak eta kantak

Ume txikiak (0-6 urte) dituzten familientzako jolas eta kanta bildumak, bideo-tutorialak ikasteko: lokartzeko, eskuekin eta behatzekin jolasteko, mina arintzeko…


Zenbait aholku multzo

Euskaraz jakin arren, gurasoen artean euskaraz egiten ez baduzue

Euskaraz jakin arren, zuen artean euskaraz egiten ez baduzue, aldaketarako motibazio handia izan daiteke haurrari jaiotzen den unetik euskaraz egitea eta euskara etxeko hizkuntza bihurtzea. Geroko utzi gabe, hasi hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskaraz egiten. Aldaketarako aholkuak: helburu txiki eta errazekin hasi eta joan euskarari eskainitako denbora eta espazioak zabaltzen. Hasieran arraro sentituko zarete, baina, lehenengo fasea gaindituta, natural irudituko zaizue euskaraz egitea.

Bestalde, bikotekideak euskara ulertzen badu, etxeko hizkuntza euskara izan dadila, nahiz eta bikotekideak erdaraz erantzun.

Azkenik, haurrei beti euskaraz egiteaz gain, ulertzen duten inguruko helduekin ere euskaraz egin: beste senideak, okindegian, plazan… Haurrek zer ikusi hura ikasi!

Etxeko bakar batek baldin badaki euskaraz

Etxeko bakar batek baldin badaki euskaraz, irudikatu nola moldatuko zareten guraso euskaldunak euskaraz egin diezaion seme-alabari. Euskaraz ez dakienaren aldeko jarrera eta babesa gakoak izanen dira kasu horretan. Hitz egin ezazue horri buruz. Kontuan hartu haurrek berehala lotzen dituztela hizkuntza bakoitza pertsona edo espazio jakin batekin eta normaltasunez pasako direla hizkuntza batetik bestera. Mundu osoan betidanik egon dira hizkuntza bat baino gehiago erabili dituzten familiak eta jarrera horrekin aberastasun handia eman diete etxeko txikiei. Izan ere, umeak elebitasunean hazteko hizkuntza ohitura koherente eta konstantea izanen dira gakoak.

Etxekoek euskara pixka bat dakite

Dakizuena haurrarekin harreman erosoa izateko nahikoa ez bada, pentsa ezazue zer espazio edo denbora eskaini ahalko diozuen euskarari zuen egunerokoan: komuneko une lasaia, lokartu aurretik ipuina edo abestia… Pentsatu beti helburu gauzagarri eta errazetan, guztiak gogobetetzeko modukoak. Euskararen eguneroko une horrek, mugatua bada ere, hizkuntzarekiko duzuen motibazio positiboa transmitituko du.

Etxeko inork ez daki euskaraz

Nahiz eta euskaraz ez jakin, gurasoek ere asko egin dezakete beren seme-alabei ikas dezaten laguntzeko. Esaterako oinarrizko maitasun edo errutinazko esaldiak ikasiz (maitia, laztana, goazen komunera, lolo egitera, etxera), agurrak (egun on, gabon, maitea…) oheratzeko, esnatzeko…

Hizkuntzarekiko motibazioa eta atxikimendua erakuts ditzakezue, esaterako haur kantak, jolasak eta formulak ikasiz, praktikatuz eta jaio ondoren haiekin jolastuz.

Kasu honetan, gurasoak ez dira haurraren hizkuntza-eredua izanen. Ohiko komunikazioa hobekien menderatzen duten hizkuntzan izanen da, baina familian euskara presente eta estimatua izan dadin asko eginen du.

Euskara eta gaztelaniaz gain familia-hizkuntza gehiago

Azken hamarkada hauetan hainbat jatorritako pertsonak iritsi dira Nafarroara, kultura eta hizkuntza desberdinetakoak. Euskara ere haientzat da.

Etxeko hizkuntzaren transmisioak jatorrizko komunitatetik kanpo jarrai dezake, eta garrantzitsua da, hemen hazten ari den belaunaldiari bere kulturaren erreferenteak ematen dizkiolako eta senide guztiekiko harremana ziurtatzen diolako. Lan hori, batez ere, familiari eta inguru hurbilari dagokio.

Gainera, ikasketa ugarik erakutsi dutenez, familia-hizkuntza menderatzeak oinarri sendoa ematen du gerora beste hizkuntza batzuk, adibidez euskara, ongi ikasteko.

Migrazio-proiektuaren iraupena aldatu egiten da kasu bakoitzean, baina beti da garrantzitsua bizilekuari dagozkion hizkuntzak ezagutzea, Nafarroan euskara eta gaztelania. Eskolaren eta gizarte-harremanen bidez, haurrek hizkuntza horiek eskura ditzakete, eta tresna horiek lagungarri izango zaizkie beren kultura-, lan- eta gizarte-etorkizunean.

Kanpotik etorritakoek, euskara ikasi dutenek, askotan adierazten dute euskara ikasteak ate asko ireki dizkiela eta inguruan integratzen lagundu diela. Edozein adinetan ikas daiteke hizkuntza bat, baina haurtzaroan helduaroan baino errazagoa da. Haurrak, familiaren eta eskolaren laguntzarekin, eleaniztunak izan daitezke haurtzarotik. Nafarroaren kasuan, D ereduaren (euskaraz ikasten den eredua) helburua da euskara eta gaztelania ikastea eta ingelesa atzerriko hizkuntza gisa integratzea. Familia-hizkuntzak ikaskuntza-plan honetan sar daitezke.

Batzea da kontua, hizkuntza gehiago ikasteko aukera eskaintzea, euskara ere ikasteak dakarren aberastasuna eskuratzea.

Aurreikuspenez osatu zure bilduma

Haur hizkera eta esamoldeak, sehaska kantak, euskarazko ipuinak eta poematxoak… Umearen mundua aberasteko gauza zoragarriak dira horiek guztiak, irudimena eta sormena pizteko baliagarriak izateaz gain.

Atal honetan ezagutzen ez zenituzten baliabide ugari topatuko dituzue. Haurra jaio ondoren, “kaosa” etorriko da etxera, beraz komeni da aurreikuspenez zuen bildumatxoa osatzeko hauek ezagutzea, kuxkuxeatzea, gustukoak aukeratzea eta ikastea.

Ezin hobeki etorriko zaizkizue eguneroko errutina askotan.

Bilduma: Sehaska kantak

Sehaska kantak: umea lasaitzeko eta lo goxoa egiteko baliabide ezin hobea dira. Zorte on umea lokartzen! Hemen hautaketa bat.

Bilduma: Esnatzeko, jateko, jolasteko, urtebetetzeetarako... abestiak

Musika atalean hainbat bilduma topatuko dituzue: (1) Esnatzeko, komunera joateko, jateko eta etxeko beste zenbait egoeretarako kantu bilduma. (2) Urtebetetze kantuak (edo astebetetze, hilabetetze…)

Bilduma: Aberastu zure euskara haur hizkerarekin

Miresgarria da haur txikiek hizkuntzak ikasteko daukaten azkartasuna. Ikasketa hori arintzeko hizkuntzek badituzte haurrei bidea errazteko estrategiak: silaba gutxiko hitzak edo onomatopeiak erabiltzea, esaterako. Estrategia multzo horri “haur hizkera” deitzen zaio. Hemen haurren munduko hiztegi txikia: hitzak, esaerak eta kantak. Kanta bildumak mp3n: Lo egiteko kantak, Libertitzeko kantak eta Jostatzeko kantak.

Eta etxean baldin bada euskararik ez dakien heldurik, zergatik ez hiztegi ttiki batekin hasi? Esaterako, hemen AEKren familientzako oinarrizko hiztegia (PDF).

Onomatopeiak erabiltzea ere haurrak hizkuntzara erakartzeko bidea da. Esanahien eta soinuen arteko lotura zuzena duten hitzak dira onomatopeiak eta askotan erabili izan dira haur txikiekin: miau, kua-kua, plisti-plasta, binbili-bonbolo, kax-kax, tipi-tapa… Beste hainbat hotsen onomatopeiak daude jasota BERRIAren estilo liburuan.

Eta adibide batzuk entzuteko hona hemen bi ipuinNork egin zion buruko hura jakin nahi zuen satortxoa izenekoa eta Hartza ehizatzera goaz.

Bilduma: Ninien garapena estimulatzeko jolasak

Gorputza ezagutzea eta mugitzen ikastea dira haurren garapenaren zutabeak bizitzaren hasieran. Zentzumenak bereziki garrantzitsuak dira haurraren lehenengo urteetan. Hala, helduek haurraren gorputza, zentzumen eta mugimenduaren garapena estimula dezakete jolas errazen bidez: eskuekin, altzoan hartuz, gorputz atalak… Haur niniekin jolasteko jolas, formula eta kanten bilduma.

Parkean eta ingurune hurbilean

Berehala parkea etxetik kanpoko une garrantzitsu bihurtuko da ongi pasatzeko eta euskara beste hiztun batzuekin erabiltzeko ohiturak barneratzeko. Ahal duzuen neurrian, zaindu harreman horiek euskaraz izan daitezen. Haurraren sozializazioaz ari gara, noski, eta etengabean zabalduko den zirkuluaren hurrengo mugarria, ziur aski, haur eskola izanen da, hezkuntza ibilbidea euskaraz hasteko lehen geltokia.

Funtsezko erabakia: Eskolan euskaraz

Eskolan euskaraz ikastea funtsezkoa da haurrak hizkuntza egoki ikasteko. Nafarroan hiru hizkuntza eredu daude, G (euskararik gabe), A (euskara ikasgai bat) eta D edo murgiltze eredua. Azken horrek bakarrik bermatzen du Nafarroako bi hizkuntzak ongi ikastea eta atzerriko bat ikastea.

Haur Eskolan hastean (0-3 urte), haurrari ordura arteko mundu txikia zabaltzen zaio: familiakoak ez diren helduak ezagutzen ditu, hezitzaileak, baita adinkide asko ere. Oro har, ingurunea ezagutzeko aukerak biderkatzen zaizkio. Nafarroako herri askotan familiek euskarazko lerroa aukeratu dezakete 0-3 zikloan.

Derrigorrezko Hezkuntzan (3-16 urte) emango dute haurtzaroa eta nerabezaroa. Urte horietan gaitasun linguistiko nagusiak garatzen direnez, funtsezkoa da murgiltze linguistikoa oinarri duten ikastetxeak aukeratzea. Hemen D ereduen mapa.

Izenak aukeratzeko laguntza

Hilabete gutxi barru jaioko den haurraren izena aukeratzea momentu polita da, berezia, izen horrek pertsona hori identifikatuko duelako eta hezur-haragizko harremanen munduan kokatuko duelako; jaioberriarentzat nor izateko bidearen hasiera delako.

Erabaki garrantzitsua da gurasoentzat, beraz, batzuek erraz hartzen dutena, baina beste batzuentzat buruhauste ugari ekartzen dituena. Izan ere, bizitzako beste edozein gairekin gertatzen den bezala, bakoitzak bere lehentasunak ditu; besteak beste: izen originala izatea, modan egotea, ahoskatzeko erraza izatea, familia-tradizioa mantentzea edo ingurukoentzat ezaguna izatea.

Aukeraketan laguntzeko, hemen erreferentziak. Bai eta abizenak euskalduntzeko ere.

Bizi euskaraz baita haurdunaldiaren prozesua ere!

Ezagutzen al zenituen sabeletik mundura eta Haurtxo gida webguneak? Euskaraz bizi ahalko dituzu haurdunaldiaren prozesuaren zalantza ugari, askotariko gomendioak…

Bestalde, haurdunaldian amak aldaketa ugari biziko ditu. Hain da garrantzitsua hilabete horietan bizitako guztia, gertatzen ari dena idatziz jaso eta gorde nahi izaten dela askotan. Zergatik ez eguneroko batean euskaraz jaso? Esaterako: Nire haurdunaldiaren egunerokoa.

Amatasuna, feminismoa eta haurdunaldi zein erditze kontzientearen inguruan  ere badira liburuak, esaterako: Gure erditzearen jabe (Erein, 2014) eta M ama eme ume (Elkar, 2022).

Haurdunaldian hasten da soinuak jasotzen

Jaioko den haurraren zentzumenak tirriki-tarraka garatzen dira amaren sabelean. Entzumena, esaterako, hogeita laugarren asterako prest dago, eta hortik aurrera, umekiak amaren gorputzak osatutako orkestraren musika jasotzen du: bihotzaren taupadak, biriken soinua, sabelaren kantua eta ahotsen melodia guztiak. Horiek guztiak soinu ezagun eta lasaigarriak izanen dira jaiotzen den momentuan bertan, eta gero.

Ahotsekin eta kantekin batera haurraren ingurunean dauden hizkuntzen ahoskera eta doinuak ere ezagutzen hasiko da. Izan ere, umeak oso goiz hasten dira hizkuntzaz jabetzen, jaio orduko edo akaso lehenago. Hori erakusten dute hainbat ikerketek, lehenengo asteetan jada ninia gauza dela hizkuntzak ezberdintzeko, ziur aski hizkuntzen azentuen eta berezko erritmoen arabera.

Haurrak edozein hizkuntzaren soinuez jabetzeko prestatuta jaiotzen dira. Denbora aurrera joan ahala, ordea, gaitasun hori galtzen dute eta inguruan duten edo dituzten hizkuntzen soinuetan “espezializatzen” dira. Nolabait esateko, entzuten dituzten soinuak erreproduzituz entrenatzen dira eta entzuten ez dituztenak ahaztu egiten dituzte, haiek ahoskatzeko gaitasuna galtzen doazelako. Hori da haurren eta helduen arteko alderik nabarmenena hizkuntzak ikasterakoan: txikitan edozein soinu erreproduzitzeko daukagun erraztasuna.

Beraz, baliatu dezagun gaitasun hori eta haurrak sabelean daudela zein sabeletik kanpo, kanta eta hitz egin diezaiegun ahal dugun guztia. Egun batean, oharkabean, sekulako oparia jasoko baitugu: haurren lehenengo hitzak entzutea.

Hitzez eta hizkuntzaz jabetzearen lilura

Zure semeak edo alabak “ogia” esaten ikasten duenean, edo lehen aldiz “ama edo “aita” deitzen dizunean, poztu egiten zara, noski. “Gosea” edo “etorri” lehen aldiz esatea ere pozgarria da, jakina, baina baita harrigarriagoa ere. Izan ere, ogia, edo aita, edo ama, ikusi eta ukitu egin ditzake haurrak. Baina “gosea”? Edo “etortzea”? Nola izendatu ditzake ume hain txiki batek hain ukiezinak diren gauzak?

Hitzez eta hizkuntzaz jabetzearen lilura.

Pedagogiaren ikuspuntutik: Arreta eta kontaktu bisuala

Hizkuntzaren aurrebaldintzak haurrari ahozko hizkuntza garatzen laguntzen dioten trebetasun guztiak dira. Oro har, haurrengan inkontzienteki estimulatzen dira, haiekin harremanetan jartze hutsarekin, baina interesgarria da zuek ezagutzea, zuen seme-alabak oraindik garatzeko fasean baldin badaude. Jarraian, batzuk zehaztuko dizkizuegu:

Arreta: Adibidez, biratu egiten da ahots ezagun bat entzutean, edo begirada eusten du ikusmen-estimulu baten aurrean, edo mugitzen den objekturen batean finkatzen da, edo bere ezaugarriengatik objektu bat beste batetik bereizteko gai da… Arreta jar diezaiokezue erreparatzea nahi duzuena seinalatuz eta, aldi berean, ahozko mintzairarekin lagunduz.

Ikusizko kontaktua: Beste pertsona baten begiradaren aurrean erantzuteko gaitasuna da, beharrezkoa baita hitzik gabeko informazioa jasotzeko, hala nola hitz egiten digunaren aldarteak edo jarrera. Horretarako, haurrak begietara begiratzea eta interakzioak irauten duen bitartean begiradari eustea bilatuko dugu. Estimulatzeko, bata bestearen parean eseri, eta haren arreta erakartzen duten jostailuak edo objektuak eskaini. Gero, objektu hori gure begien eremura hurbilduko dugu, haren begirada bilatzen saiatzeko. Behin arreta lortuta, garrantzitsua da hitz egitea komunikazioa sustatzeko, nahiz eta ikusizko kontaktu hori oso laburra izan.

Nafarroako berezko hizkuntzak: Euskara eta gaztelania

Nafarroan bi dira berezko hizkuntzak, euskara eta gaztelania, eta bertako biztanleak bietan mintzatu izan dira historikoki.

Euskara isolatutzat hartzen den Europako hizkuntza bat da; izan ere, beste hizkuntza batzuekin loturarik aurkitu ez zaionez ezin izan da inongo familiatan sailkatu. Europako bi estatutan hitz egiten da, Espainian eta Frantzian, eta milioi bat hiztun inguru ditu.

Gaztelania edo espainiera, Espainiaz gain Amerikako 19 estatutako eta Afrikako estatu bateko (Ekuatore Ginea) hizkuntza ofiziala da. 530 milioi hiztun ditu (lehen edo bigarren hizkuntzatzat dutenak), gehien-gehienak Amerikan.

Nafarroako 16 urtetik gorako biztanleen %23,2k badaki zerbait euskaraz. %12,9 ongi mintzatzen da, eta %10,3k zerbait badaki baina ez du guztiz menderatzen.

16tik-24 urtera bitarteko gazteen multzoan da handiena euskararen ezagutza: %38. %25,8k ongi menderatzen du eta %12,2k zerbait badaki, ongi mintzatzera iristen ez bada ere.

Euskara haurtzaroan edo helduaroan

Euskara ikasteko bi modu edo une nagusi daude: haurtzaroan, etxean, plazan edo eskolan ikasten dutelako (“murgiltze eredua” edo D eredua) eta heldutan, euskara ikasteko eskoletan: euskaltegiak.

Euskara ikasi

2018-2019 ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %47,2k ikasi zuten euskara eskolan: %27,3rentzat euskara irakas-hizkuntza izan zen (D eredua) eta %19,9rentzat irakasgai (A eredua).

Ikasleen %100ek ikasten du eskolan gutxienez atzerriko hizkuntza bat (oro har ingelesa, baina baita frantsesa eta alemana ere).

Nafarroan atzerriko hizkuntzen ezagutza handiagoa da euskal hiztunen artean euskaraz ez dakitenen artean baino.

Euskaraz ez dakiten Nafarroako 16 urteko edo hortik goitiko gazteen %22,8k daki ingelesez, frantsesez edo bietan. Aldiz, Nafarroako biztanleria elebidunaren (gaztelania-euskara) %35,9k daki horiez gain ingelesez, frantsesez edo bietan.

Gazteen artean (16tik 24 urtera) kopuruek gora egiten dute. Gaztelania-euskara hiztun elebidunen %64,4k daki ingelesez, frantsesez edo bietan. Euskaraz mintzatzen ez direnen artean portzentajea %57,8koa da.

Beste hizkuntza batzuk

16 urteko edo hortik goitiko Nafarroako biztanleriaren %7,6rentzat lehen hizkuntza ez da gaztelania, ez eta euskara ere.

Gure Komunitatean gaztelania eta euskara kenduta ama hizkuntzarik ohikoenak arabiera (%1,37), portugesa (%0,73) eta errumaniera (%0,72) dira.

16 urteko edo hortik goitiko Nafarroako biztanleriaren %4,3 edo gehiago etxean gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaz mintzo da lehentasunez. Erriberan eta Goi Erriberan %6,8 izatera iristen dira.

Gaztelaniaren eta euskararen atzetik, arabiera da etxean gehien erabiltzen den hizkuntza (%1,15). Haren atzetik, baina askoz ere neurri txikiagoan mintzatzen dira ingelesa, portugesa eta errumaniera.

Ingelesa, frantsesa, arabiera, portugesa eta errumanieraren atzetik badira Nafarroan mintzatzen diren atzerriko beste hizkuntza batzuk ere: bulgariera, errusiera, wolof, swahilia, bereberra, txinera, urdua, thailandiera, ukrainera, georgiera…

Zergatik ikasi euskara?

“Euskara Nafarroaren funtsezko parte delako, bai hizkuntza, bai kultura eta baita pertsonak ere”

“Euskaraz hitz egiteko eta euskaraz harremanak edukitzeko”

“Euskarazko kultur adierazpenez gozatu ahal izateko”

“Kultur ezagutza zabaltzea eta hizkuntzekiko zaletasunean sakontzea”

“Lanerako baliagarria delako”

“gaztetan euskara ikasi ezin izana, aukera faltagatik, hautatutako ikastetxeengatik eta/edo Nafarroa hegoaldeko eskualdeetan euskara ikastea erraza ez izateagatik”.

“Euskara haurtzaroan ikastea errazagoa delako heldutan baino”

Estitxu Fernandez. Ume baten zain: Saski linguistikoa prest?

Hizlaria: Estitxu Fernandez Maritxalar, sikologo perinatala eta idazlea. Garai batean kazetari eta bertsolari aritu zen, azken urteetan haurdunaldian, erdiondoan eta hazierako lehen urteetan emakumeak bere behar emozionaletan akonpainatzen ditu. Gaia: Ume baten zain, saski linguistikoa prest? Bost aholku, ninia etxera etorri aurretik egiten hasteko.

Hitzaldia podcast formatuan: