BaliabideakEtxean

Irakurri, gozatu eta oparitu Nafarroako 16 herri eta eskualdetan.

Ikerketa ugarik erakutsi dute irakurtzea onuragarria dela garunarentzat. Irakurketak irudimena lantzen, hiztegia aberasten eta garuna garatzen laguntzen duela azpimarratzen dute adituek. Komeni da gainera, txikitatik hartzea irakurtzeko ohitura, burua trebatzeko entrenamendurik onena baita. Istorioek hasiera, garapena eta amaiera izaten dituzte, eta kontakizunaren atal horiek arretari eusteko gaitasuna garatzen laguntzen dute. Alegia, zenbat eta lehenago hasi irakurtzen orduan eta hobeki, izan ere umeek estruktura jakin bat barneratzen dute, garunari modu sekuentzialean pentsatzen lagunduko diona, eta kausa, ondorioa eta esanahia lotuko dituena. Liburuekiko afizio honek nerabezaroan ere jarraitzen badu eragin bikoitza izan dezake, emozio aberatseko esperientziak bizi nahi izaten dituztelako: erreakzio emozionalak sendoagoak dira eta ikasteko gaitasun handiagoa dute haurtzaroan edo helduaroan baino. Literaturak, gainera, gure nortasuna eraikitzen laguntzen du, ideia eta pentsamolde berriak sortuz.

Irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat ekintza eta kanpaina egin izan dira. Azkeneko urteetan Irakurri, gozatu eta oparitu (IGO) izenekoa ezagutu dugu.

Ekimen hau abian egonen da martxoaren 12tik maiatzaren 31ra Nafarroako 16 herri eta eskualdetan,  eta helburu zehatza du: adin guztietako pertsonen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea.

IGO Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du hainbat euskaltzaleen elkarte, liburutegi eta liburu-dendarekin elkarlanean eta 2018koa 12. edizioa izanen da.

Izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso erraz emanda parte har daiteke:

  • Irakurri: Lehen pausoa euskarazko liburu bat irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar da.
  • Gozatu: Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta horren inguruko iritzia. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  • Oparitu: Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen du.

Nafarroan honako herri edo eskualde hauetan parte hartu ahalko da IGO ekimenean:  Ultzamaldea, Lizarra, Burlata, Sakana, Berriozar, Berriobeiti, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Aranguren Ibarra, Zizur Nagusia, Malerreka, Iruñea, Leitzaldea, Barañain eta Esteribar.

Ekimena iragartzeko bideoa ikusgai duzue hemen.

Bestalde, liburutegi zein liburu-dendetan dagoen eskaintzaz gain, Euskarazko Produktuen Katalogoak ere liburu, joko eta disko sorta zabala biltzen du 0-16 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Webgune honek merkatuko berritasun nagusiak jasotzen ditu, adinaren eta produktuen arabera sailkatuak.

Aste Santuko oporretarako liburu on bat aukeratzeko aitzakiarik ez dago beraz.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat