Uskara, Eskuara, Euskera, Euskara…

Beste hainbat hizkuntzek bezala, euskarak ere badu aldaera aniztasun handia. Euskalki deitzen diegu eta Nafarroan ere entzun eta bizi daitezke. Batzuek, zoritxarrez, hiztun guztiak galdu dituzte, Erronkariko Uskarak kasu. Baina beste batzuk sasoi ezin hobean dira eta asko erabiltzen dira.

Garai batean zurrunbiloaren erdigunean egon ziren, euskara batuarekin buruz buru. Nork bere soroari ur, diote. Nolanahi ere, gaur egun adostasun handia dago, argi geratu baita bateragarri eta elkarren osagarri direla. Hori dela eta, gero eta energia gehiago inbertitzen da euskalkia familia barruan transmititu dadin eta modua dutenek aukera horren alde egin dezaten, zinez baita aberasgarria.

Kontua da balio erantsi gisa ulertzea. Euskalki bat etxean jasotzen duten haurrek, ahaleginik gabe eta modu errazean eskuratzen dute euskararen erregistro biziago bat. Horrela bada, bere egiten dute hizkuntzarekin jolasteko, gozatzeko eta hizkera arrunta sortzeko oinarri sendoa, familiartean, lagunartean erabili ahalko duten hizkera.

Hori dela eta, zalantzarik gabe, bikoteko kideren bat euskalkian mintzatzen bada, komeni da seme-alabei hala egitea, etxean zein kalean. Norberaren hautua da, noski, baina horren alde egitea haurrei bi erregistro edo gehiago modu naturalean ikasteko aukera ematea da. Euskara batua, euskararen aldaera estandarra izanik, jarduera eta espazio formaletarako erabiltzen da (hezkuntza, administrazioa, komunikabide handiak…), baita euskalki desberdina erabiltzen duten beste euskaldunekin hitz egiteko ere. Euskalkia, ordea, ingurune hurbilagoan erabiltzeko da, baita hizkuntzarekin jolasteko, hizkuntza aldatzeko eta lokuzio eta esamolde berriak sortzeko askatasun handiagoa duten esparruetan erabiltzeko ere. Euskalkian euskarak adierazkortasun desberdina hartzen du, anplifikatua, bizi propioa balu bezala… Freskotasuna dario, baita ausardia ere. Horregatik bada horren erakargarria gazteendako, baita haurrendako ere.

Euskalkiak eskolan duen tokiaz hitz egiterakoan, ez da erraza ezer orokortzea. Eremu formal eta akademikoa izanik, ikastetxe gehienetan batuak du protagonismorik handiena. Dena den, lehen aipatu bezala, gero eta energia gehiago inbertitzen da euskalkien transmisioan, baita eskoletan ere.

Nolanahi ere, gela barruan landu arren eta kaleetan ahoz aho entzun arren, etxean transmititzeak ez du parekorik. Naturaltasun, adierazkortasun eta freskotasun hori emateaz gain, abantaila gehiago ditu. Jendeak ohiz euskalkia erabiltzen duen herri batean bizi bazarete, kohesio-lana egiten du, alegia, jendea bateratzen du. Baina ez du integratzeko soilik balio. Izan ere, batua nagusi den herri batean bizi bazarete ere, euskalkiren bat hitz egiten duten haurrek erakutsi ohi dute hizkuntzarekiko atxikimendu handiagoa dutela, baita hizkuntzarekin gozatzeko baliabide gehiago ere.

Gainera, hori gutxi balitz, zenbait ikerketaren arabera, haurtzaroan hizkuntza baten bi aldaera hitz egiteak bi hizkuntza erabat ezberdineko haur elebidunek dituzten abantaila kognitibo berak eman ditzake.