KANPOAN

Kirola, musika, dantza, eskulanak, antzerkia … eskolaz kanpo ere euskaraz aritzeko aukera zabala

Haurrek eskolan ematen duten denbora bezain garrantzitsua da eskolaz kanpo ematen dutena ere. Giro ez formalean, lagunartean daudenean, bestelako bizipen batzuk jasotzen dituztelako, besteak beste, baita hizkuntzari dagokionean ere. Hainbat adituk diotenarekin bat eginez hizkuntzak ez baitira eskolan bakarrik ikasten. Horregatik da garrantzitsua aipatutako erregistro informala jasotzea. Kaleko hizkera hori lantzeko aukera paregabea da euskaraz eskaintzen diren eskolaz kanpoko jardueretan izena ematea: musika, dantza, kirola, eskulanak… esaterako.

Seme-alaben garapenean eskola funtsezkoa den arren, esnatuta dauden orduen % 15 besterik ez dute pasatzen eskolan. Gainerako % 85 beste jarduera batzuetarako dute. Beraz, gurasoen esku dago denbora tarte horretan seme-alabei euskara entzuteko eta praktikatzeko ahalik eta aukera gehien ematea.

Garrantzitsua da, beraz, etxean nahiz denbora librean euskarari tokia egitea, eta horretarako aukera zabala dago. Adibidez, atal honetan Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan 12 urte bitarteko haurrentzako dagoen euskarazko aisialdi eskaintzak daude bilduta; beste honetan euskarazko marrazki bizidunak ikus daitezke; eta hemen haur-kantak entzun daitezke.