neska era nafarroa
ESKOLAN

Murgiltze-linguistikoa eta hezkuntza eleanitza

Metodologia sendoko murgiltze-linguistikoa, hezkuntza eleanitza lortzeko bidea.

Hizkuntza-murgiltzearen oinarria da ikaslea bere lehen hizkuntza ez den beste batean eskolatzea, eskola-edukiak ikasten dituen bitartean bigarren hizkuntza hori ikas dezan. Gainera, bide batez, balio du gizartean dauden desoreka linguistikoak orekatzeko. Izan ere, esparru sozial gutxiagotan erabiltzen den hizkuntzari, euskarari gure kasuan, hezkuntzaren esparrua ematen zaio. Beraz, urteetan ikusi denez, euskarazko irakaskuntza onuragarria izan da, gaztelania lehen hizkuntza duten ikasleentzat ez ezik, euskara dutenentzat ere, haien hizkuntzan formatzeaz gain, gizartean dagoen desoreka linguistikoaren ondorioak leundu dituelako.

Edonola ere, gaur egungo ikuspuntuak hezkuntza eleanitza kontuan hartu behar du, helburuen artean jarri baita, menderatu nahi diren hasierako bi hizkuntzez gain, atzerrikoak ere ezagutzea, baita hezkuntza komunitateko etorkinenenak baloratzea ere.

Beraz, garrantzitsua da ikasle bakoitzaren hasierako ezagutza kontuan hartzea eta, hortik abiaturik, hezkuntza irizpideak adostea. Hizkuntzak modu integratuan landuz, bide emankor bati ekiten zaio, ikasleak gauza baitira hizkuntza batean ikasitakoa beste edozeinetara pasatzeko. Adibidez, irakurtzen, hizkuntza batean bakarrik ikasten dute eta, gero, gaitasun hori gainerako hizkuntzei aplikatzen diete.