Kanpoan

Nerabeen erreferenteak

Haurtzaroan garrantzitsuak diren pertsonak, nortasuna eraikitzen laguntzen dutenak, gertuko pertsonak dira: gurasoak eta senideak, oro har. Haurrek horiengan ikusitako ohitura eta jokabideak errepikatuko dituzte, jokabide linguistikoak ere bai, jakina, eta memorian iltzatuta geratuko zaizkie lotara goxoki abestutako kanta edo emozioz entzundako ipuina. Horien bidez eginen du haurrak lotura afektiboa hizkuntzarekin.

Nerabezaroan berezko identitatearen bilaketa hasten da eta, bide horretan, zaletasunen arabera miretsitako musikari, kirolari edo aktoreak, esaterako, bilakatzen dira imitatzeko eredu.  Erreferente horiek zein diren, euskararekiko lotura indartuko da, edo ahulduko, eta, adibidez, gaztetxoek bilatzen duten hizkera propioa hizkuntza batean edo bestean eraikiko dute.

Hori dela eta, erabakigarria da gaztetxoek nora egiten duten so. Komunikabide handietan, nahiz eta tarteka hainbat kultura eta hizkuntzetako eskaintza ere ezagutzera eman,  joera gutxi batzuk soilik dira nagusi, igualtsuak Iruñean eta Edinburgon.  Horrenbestez, eskaintza horrekin geratuz gero, nerabeek masa-kulturarekin lotutako pertsona ezagunak besterik ez dituzte ezagutuko. Euskarazko kulturak ere baditu haientzat oso interesgarriak izan daitezkeen musikari, artista, bertsolari edo kirolariak. Gurasoen zeregina da eskura eta “belarrira” jartzea, haiek gustukoak aukera ditzaten. Hori, jakina, txikitatik egitea izanen litzateke egokiena, ohitura ez baita egun batetik bestera sortzen.

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, nerabezaroan ere, gertuko erreferenteek duten eragin handia: irakasleak, entrenatzaileak, begiraleak, nerabe horien belaunaldi zaharragoa… Aisialdia harremanak ugaritzeko eta sendotzeko eremu bikaina da eta euskarazko aisialdiak harreman horiek euskaraz izan daitezen errazten du.

Interesgarria izanen da jakitea etxeko gaztetxoari zer gustatzen zaion momentu horretan, zaletasun posibleen eremua oso zabala baita. Hemen ezin, bada, proposamen bakarra erakutsi. Dena den, bide berriak jorratzeko, baliagarria izan daiteke berriki aurkeztutako sortzaileen katalogoa: sortzaileak.eus. Bertan antzerkian, arte plastikoetan, bertsolaritzan, dantzan, ikus-entzunezkoetan, literaturan edo musikan dabiltzan sortzaileen inguruko informazioa aurki daiteke.

(Argazkia: Free-Photos-domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)