ETXEAN

“Nik badakit pixka bat, baina ez dakit dena euskaraz esaten…”

Euskara ikasten ari den gurasoak euskarari lekua egin diezaioke etxean, neurrian  neurriko helburuak eta baldintzak jarrita. Asmoa ez da ohiko hizkuntza ordezkatzea, baizik eta seme-alaben ikaste prozesua indartuko duen motibazioa elikatzea.

Ikasketa guztiek denbora eskatzen dute, baita hizkuntzek ere, eta horiek erabiltzea da arrakastaren gakoa. Baina euskara ikasten ari diren gurasoen ohiko zalantza izaten da dakiten hori seme-alabekin erabiltzea komenigarria den ala ez.

Erantzuna aurki daiteke bi helburu hauek uztartuta:

Batetik, gurasoak euskaraz dakiena une zehatzetan eta baldintza erosoetan erabiltzea seme-alabekin. Gurasoa ez da izanen euskararen “eredu linguistikoa”, baizik eta bere jarreraren bidez euskarari buruzko interes bizia azaltzen duena.

Bestetik, ohiko komunikazioa ohiko hizkuntzan egitea, gurasoa eroso eta ongi moldatzen den horretan. Izan ere, familia hizkuntzaren gaitasun linguistiko aberatsak euskara ikasten ere lagunduko dio haurrari.

Beraz, denbora eta espazio aproposak bilatu behar dira helburu bakoitza jorratzeko, horixe baita biderik emankorrena. Euskarari etxean tokia egitea ideia bikaina dela ahaztu gabe, garrantzitsua da bakoitzak bere ohiko hizkuntza aberatsa ematea seme-alabei, oinarri linguistiko orokor horren gainean garatuko baitituzte etorkizunean hizkuntza-gaitasunak euskaraz, eskolaren eta aisialdiaren bidez. Euskara ikasten ari den gurasoak etekin handia atera ahal dio dakienari seme-alabekin batera ipuinak irakurtzean, kantak abestean edo kultur arloko eskaintza zabalarekin gozatzean. Ikaste prozesuan aurrera egin ahala, gurasoak helburu handiagoak jarri ahalko ditu eta, seme-alabaren konplizitatea bilatuz, euskaraz elkarrekin aritzeko momentu bilakatu, esaterako, autoan edo eskolarako bidean emandako tarteak edo afalorduan biltzeko unea.

Bakoitzak bilatuko du bere neurriko helburua, betiere betegarria, eta ikasitakoa erabiltzeko egoerarik aproposena zein duen erabakiko du. Non eta nola egin planifikatu behar da soilik. Bestalde, lagungarria da gurasoen nahia eta asmoa argi adieraztea seme-alabei, baita etxeko gainerako helduei ere, haien aldeko jarrera lortzeko. Izan ere, motibagarria da  seme-alabentzat gurasoen euskararekiko interes argia ikustea.