ume bat land rover batean
BaliabideakEtxean

Nor da Imanol Urbieta?

Euskaraz ikasi duten ume guzti-guztien bihotzeko fonotekan izen bat dago, Imanol Urbieta, berak jarri baitzion soinu banda haurtzaroari.   Musikari eta irakasle handi honen kantu zerrenda izugarria da: Jon Brown, Txiki txiki txikia, Uztaiak gora, Mac Mikel, Txoria nintzela, Astoa ikusi nuen, Alaken, Lotan nago, Aran txantxan

Irakasle izan zen 70. hamarkadan, ikastolak sortu berriak ziren garaian, eta kantugintzari ekin zion hainbat behar pedagogiko eta metodologiko asetzeko. Hezkuntzan zela, 4 disko argitara eman zituen Zarauzko ikastolako umeekin eta Anjel Lertxundi, Joxe Antonio Ormazabal eta Juan Martin Elexpururekin lankidetzan.

Ondoren, Xirula Mirula Musika Eskola zabaldu zuen, eta orduan hasi zen ikasmateriala euskaraz sortzen: Xixupika, Txalopin txalo edo Lau katu eta danbor bat liburuak. Kantu asko egin zituen, edozein musika plataformatan entzuten ahal den moduan, esaterako Youtuben edo Spotifyn.

Musika eta pedagogia uztartuz, abestietako asko umeen behar konkretuak asetzeko sortzen zituen, haien neurrira egin ere. Uztaiak gora (Ran roberran), adibidez, R letra ongi ahoskatzen ez zuen ikasle bati egin zion. Dudarik gabe, aitzindaria izan zen (euskarazko) irakaskuntzan eta hala erakusten du Argia aldizkariak 2002an eskainitako elkarrizketak. Bertan bere ibilbidea, bizipenak eta esperientziak ederki azaldu zituen.

Urbieta 2016an hil zen, baina bere lana gure artean geratu da eta belaunaldi gazteagoetako pertsona eta sortzaileengan utzitako arrastoa handia da. Esate baterako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek omenaldia egin nahi izan zioten Haizearen herrira Manolo Urbietarekin diskoan, edo Zarauzko Udalak eta Elkar argitaletxeak argitaratu zuten Bakarrik eta libre diskoan ere hainbat talde ezagunek bere kantuen bertsioak egin zituzten.