BaliabideakKanpoan

Zinemaren magia euskaraz

Sarritan esan izan da aisialdia ezinbestekoa dela haurrentzat, eskolatik eta etxetik kanpo beste modu bateko bizipenak jasotzen dituztelako denbora tarte horretan. Gaur egun eskaintza zabala dago jolaserako, ipuinetarako zein zinemarako, baita euskaraz ere.

Era.eus-eko aurreko artikuluak aipatzen du irakurketak irudimena lantzen eta sormena garatzen laguntzen duela. Egiteko horretan liburuek bezainbeste laguntzen du zinemak ere, izan ere filmek ametsak eragiten dituzte, kontakizunarekin lotzen ditu ikusleak eta pertsonaiekin bat egiten dute egoera askotan. Pelikuletako mundu berri horiek deskubritzea oso erakargarria da, baita entzuten den hizkuntza ere. Izan ere, zeresan handia du film horiek txikitatik euskaraz ikustea, jasotzen duten hizkuntza horretan hasiko baitira amets egiten haur horiek, eta pixkanaka hizkuntza horretan pentsatzen hasiko dira, dagoeneko egiten ez badute.

Filmetako magia euskarara ekartzen du Zineuskadik, bertatik bultzatutako Zinema Euskaraz programari esker. Hilero euskarazko film bat estreinatzen da Euskal Herriko zinema aretoetan. Programa honek euskararen erabilera bultzatzen du kultur komunikaziorako bitarteko moduan. Horretarako, aisialdian euskararen normalizazioa sustatzen duten filmen eskaintza jartzen du herritarren esku.

Apirileko film berria estreinatu dute hainbat zinema aretoetan, Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa izenekoa. Aurten eskaini duten bosgarren pelikula da hau. Hurrengo estreinaldia Grufalo film arrakastatsua izanen da eta maiatzaren 18an ikusiko da lehen aldiz Euskal Herriko aretoetan. Julia Donaldson haur literatutako idazle ezagunarena da Grufalo liburua , eta ipuin horretan oinarrituta dago pelikula berria. Nazioartean 10 milioi ikusle lortu ditu dagoeneko.

Bestalde, nabarmentzekoa da TINKO EUSKARA ELKARTEAk egin duen lana euskarazko filmak ikastetxeetara erakarriz.  “Euskara zine aretoetara” lemapean Euskal Herriko ikastetxeei hainbat film euskaraz ikusi eta hauek material didaktikoen bitartez lantzeko aukera eskaintzen dio Tinkok.

(Argazkia: MichaelGaida-domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)