ARG.: Booktegi + freeimages
BALIABIDEAK

Haurrentzako bideo-ipuinak BOOKTEGIn

Bidaiatzea hain gustuko dugun arren muga dezente ditugu azkenaldian batera eta bestera mugitzeko. Bidaia zoragarri bat egiteko, ordea, beti ez dugu errepidera atera beharrik, batzuetan, aski izaten da liburu artean murgiltzea. Ipuinei esker irudimena lantzen da eta horrekin batera istorio ederrak ezagutzeko, toki berriak bisitatzeko eta abentura misteriotsuak bizitzeko aukera dago.

Bada bide bat baino gehiago literaturaren mundura jotzeko: batzuk liburu-dendetara joaten dira, beste batzuek nahiago dute liburutegietako mailegu zerbitzua erabili eta badira online bidezko eskaintza aukeratzen dutenak. Azken honek badu proposamen bikain bat: BOOKTEGI.EUS ataria eta bereziki EGUZKILORE izeneko atala, etxeko txikienei eskainia. Bertan ilustrazio ederreko 15 ipuin bildu dituzte, Oihana Maritorena kontalariaren ahotsean emanak. Hiru modutara “irakur” daitezke:

  • Ipuin-kontalariak kontatua: liburuko ilustrazioak ikusi bitartean kontalaria entzuten da.
  • Liburua ohiko formatuan: norberak nahi duen erritmoan orriz-orri irakurtzeko. 
  • Audio-ipuina: entzuteko soilik.

Esku-eskura daude, beraz, ipuinak. Nahikoa da egoera eta tenore egokia hautatzea eta haurrei ipuina kontatzeko gogoa izatea. Hortaz, heldu eskutik seme-alabak eta elkarrekin barneratu liburuen itsaso zabalean istorioez gozatzera. Badakigu haurrei txikitatik ipuinak kontatzea oso onuragarria dela, gainera horrek irakurketarako zaletasuna pizten eta etorkizunerako oinarri on bat sendotzen lagunduko die. Izan ere, hasieratik hartzen diren ohitura onek gerora errazago irauten dute.

Sarean gehiago arrantzatu nahi duenarentzat hona beste aukera egoki bat: ERA.eus-en baliabideen ataleko ipuinak eta literatura bilduma.

CC BY-SA 4.0