Jakina da zein onuragarria den etxeko txikiei ipuinak kontatzea: lotura afektiboa, barrura begiratzeko aukera, hitzen esanahiak, hitz berriak, irudimena, jakin-mina eta, batez ere, ipuinak gozamena dira. Eta zer esanik ez mendi ibilaldiak familian egitea, lautadan edo gailurretik tontorrera, luzeak edo motzak, osasuna eta askatasuna, kirola eta natura, kanpora begira arnasa hartzeko aukera.

Bada, zergatik ez biak uztartu? Honela, aukera bikaina da ipuinak kontatzea edo ikustea istorioa gertatu den tokian, haurrek bertatik bertara ezagutu dezaten, sinesgarritasuna eta magia ahurka irabaziz. Gainera, ibilbidean gabiltzala bertako paisaia eta toki-izenak probestuz, ipuinaren istorioa luzatu ahal da, bukaera aldatu… ala berritik asmatu.

Atal honetan topatuko dituzue 11 bideo-ipuin eta ibilbide, Aranguren ibarrean eta Lizarraldean kokatuak, eta irakurtzeko beste 13 ipuin, Baztan, Malerreka eta Bortzirietan kokaturiko beste horrenbeste ibilbiderekin batera. Gainera, Lesakan aurkeztu berri den Ipuin Ibilbideak proiektuaren inguruko informazioa ere aurki dezakezue.


Aranipuinak

Arangurengo ibarrean 6 ibilaldi eta beste horrenbeste bideo-ipuin, Ventura Ruiz ipuin-kontalariak toponimo, kokapen fisiko, fauna, flora eta historia errealetan oinarriturik. Mutiloan “Attuna kaska zuria”, Taxoaren “Peio eta otsoak”, Zolinan “Mari jainkosa”, Labianon “Akermendiko zaharra”, Arangurenen “Erleak eta lamiak” eta Ilundainen “Baso biziduna”

Bideak bertze ipuin

Shinrin-yoku (“Oihaneko bainuak”) praktika japoniarrean oinarrituta, basoaren eta naturaren atmosferan murgiltzean datza. Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak 13 ibilbide eta bertze hainbertze ipuin agertzen diren liburuxka argitaratu du, oihanean murgiltzeko, natura sentitzeko eta bidenabar mitologiarekin amesteko.

Ipuin-txangoak Lizarraldean

Lurrari loturiko bideo-ipuinak eta txangoak Lizarraldean: Oteitza, Eraul, Arteta, Basaula, Ubagua eta Basaula. Txangoetarako proposamenak, zer ikusi, non ikusi bideo-ipuinak eta ideia osagarriak.


Lesakako Ipuin Ibilbideak

Lau ibilbide  hautatu dira, eta horietako bakoitzarentzat ipuin bat sortu, inguruko ohitura, kondaira eta mitologian oinarrituta. Lan hau udalaren laguntzarekin osatu da, irudiekin eta material osagarriekin, parte-hartzea eta esplorazioa sustatzeko. 

Parte-hartzaileek jasoko duten liburuxkak ibilbide bakoitzaren azalpena, ipuina eta QR kodea ditu barne, baita ibilbide guztiak egiteko pasaportea ere. Ibilbide bat bukatzerakoan, Turismo Bulegora joan eta zigilu bat jasotzeko aukera izango dute. Adinaren arabera, 3 edo 4 ibilbide egin ondoren, Ipuin Esploratzailearen Diploma lortzeko aukera izango dute.