haur bat mozorrotua, burua estalia
Kanpoan

Neguari hasiera emateko kalabazak eta txinurriak

Gaurko aitona-amonak, haur zirenean, baratzetako kalabaza, arbia edo erremolatxak hartu, hustu eta begiak eta ahoa zulatzen zizkieten, buru-itxura emateko. Barnean kandela mutur bat sartu eta ilunabarrean auzokoak beldurtzen ibiltzen ziren urritik azarorako egunetan, bihurrikeria moduan. Ohikoa zen Erriberako herrietan zein Lakuntzan, Imotzen edo Lesakan, esaterako.

Izan ere, Europa osoko kultura tradizionalean zabaldutako ohiturak izan dira arimen egunarekin lotutakoak. Esan daiteke, gurean, hasiera ematen ziotela neguko festen zikloari: Arimen Gaua, San Tomas, Olentzero, Santa Agata eta Inauteriak. Neguko festen ezaugarri komuna zen eskean ibiltzea, gehien-gehienetan gazteak edo haurrak etxez etxe ibiltzen ziren jakiak edo gozokiak biltzen eta, askotan, abestuz deitzen zuten bizilagunen arreta. Herri bakoitzak bazuen bere aldaera; guztion helburua, ongi pasatzea eta adiskideekin egotea.

Nekazaritza-bizimodua ahultzearekin batera, horrelako ospakizunak indarra galduz joan dira, baina hainbat dira oraindik urtero errepikatzen direnak Nafarroako herrietan. Berezia da, esaterako, Etxauribarreko herrietan, baita Arraitza, Muru-Asterain, Paternain eta ingurukoetan ere, gorde duten ohitura. Azaroaren 1ean haurrak elkartzen dira eta gozokiak eskatzen dituzte etxez etxe. Honakoak dira eske-errondan abestutako batzuk:

“Tximurrie, manurrie, kankan kankan txinurrie. Bota bota kastañera lurrera.”

“Xanduli, manduli, kikirikiiiii…. eman goxokiak guriiiii”

“Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua”

Antzekoak egin izan dira Berian, Luzaiden, Malerrekan edo Artzibarren: “Zingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario”. Baztan-Bidasoako haurrek “mattuttin errain dut” esan eta helduek dirua ematen zieten. Argi dago oso ohitura zabaldua izan zela Nafarroa osoan.

Gure gizartea etengabean aldatzen ari da, baita festak ospatzeko modua ere. Aldaketa horretan film eta komunikabide nagusiek eragiten dute. Horrela izan da eta, ziur aski, horrela izanen da aurrerantzean, baina gure esku dago gure kultura eta tradizioak ezagutzea eta gure seme-alabei horren berri ematea; belaunaldi berriak izanen baitira, bihurrikeriak egiteko eta dibertitzeko, etxeko trapuekin mozorrotu eta, “ziria edo saria” esanez edo “txinurrien” kanta zaharrak birmoldatuz, Gau Beltzean betiko eske-erronda egiteko eta kalabazak husteko ohiturak berrituko dituztenak.

Bideoa: Ahotsak.eus

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / Argia

Iturriak:

Josu Ozaita Azpiroz eta Jaime Altuna Ramírez Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa UEU

Joxemiel Bidador “Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris” Eusko Ikaskuntza