Zuen umea, koskortzen doan neurrian, fase berri batean sartzen ari da. Eskolatik kanpoko jarduerak ugarituko zaizkio, lagunarteko harremanak indartzen joanen zaizkio eta kultur kontsumoa areagotzen. Hau da, aisialdiak gero eta toki gehiago hartuko du bere bizitzan.

Eta zinez da beharrezkoa gurasoek aisialdiari duen garrantzia ematea. Izan ere, denbora horretan haurrak ongi pasatzeaz gainera, bere sozializazio eremuak zabalduko ditu eta bere nortasuna eraikitzen lagunduko dioten bizipen berriak bereganatuko ditu. Aisialdiak bere bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere. Izan ere, hizkuntza ez da eskolan bakarrik ikasten, bizitzan ere ikasten da.

Eskolak funtsezkoa izaten jarraituko du, baina gogoratu dezagun umeak bertan urteko esna orduen % 15 baizik ez duela ematen. Hortaz, jar dezagun arreta beste % 85ean.

Gurasoak giltzarri zarete eskolaz kanpoko denbora tarte zabal horretan haurrak eginen duen ibilbidean. Hortaz, erabakiak hartzeko unean hizkuntzaren faktorea kontuan har dezazuen, dekalogo hau eskaintzen dizuegu.

ESKOLA ORDUZ KANPOKO JARDUERETAN…

1. Gustuko tokian aldaparik ez!

Kirola, musika, dantza, udalekuak, ludotekak, bertso eskola… umearen gustukoak dira. Horietan euskaraz aritzeko aukera baldin badute, gutxienez bi helburu beteko dira: bat, hizkuntzarekin dituzten bizipenak, harremanak eta esperientziak areagotzea; bi, bestelako erregistroak lantzea (musika edo kirol arloko hiztegia, hizkera kolokiala…).

2. Kantitateak axola du!

Hizkuntzak ongi ikasteko eta erraztasuna lortzeko maiz erabili behar dira. Zenbat eta jarduera, harreman edo esperientzia gehiago euskaraz, orduan eta erabiltzeko aukera gehiago izanen dute.

3. Izan proaktibo!

Umeen gustuko jardueraren bat zuen inguruan euskaraz eskaintzen ez bada, herriko eragileengana (guraso elkartea, eskola, udala, euskara zerbitzua…) jo dezakezue, jarduera hori euskaraz antola dadin saiakera egiteko.

PARKEAN, PLAZAN…

4. Begiak eta belarriak erne!

Parkea, plaza, atariak… haurra sozializatzeko ohiko guneak dira, harreman askeetarako lekuak. Bertan ohiturak, jolasak, kantak… partekatzen dituzte, eta hizkuntza ere garatzen dute. Hortaz, espazio hauetan ere euskarak presentzia izatea garrantzitsua da.

5. Izan "guraso berritsu"!

Gerta daiteke haurrek beren arteko harremanetan eta jolasean ari direlarik erdaretara jotzea. Horrelakoetan “Egizu euskaraz!” agintzea baino eraginkorragoa izaten da haien elkarrizketan euskaraz sartzea, eta, noski, helduek ere euskara ahalik eta gehien erabiltzea. Guraso berritsuaren rola jokatzea, alegia.

6. Euskara jolaserako

Euskaraz dakizuen gurasoek paper aktiboa joka dezakezue gune horietan, jolaserako euskarazko kantuak, formulak, igarkizunak, aho-korapiloak… ikasiz eta haiekin erabiliz. Erronka polita zuentzat ere, ezta? Ikusi-makusi, Dona-dona katona

ETXEAN…

7. Hemen ere, "guraso berritsu"!

Beharrezkoa da etxean komunikazio aberatsa izatea, solasaldi ugari sortzea eta haurrari mintzatzeko aukera ematea. Horrez gain, haurrarentzako eredu zaretenez, berarekin ez ezik etxeko helduen artean ere euskaraz aritzen bazarete, hark ere ohitura hori barneratu ahal izanen du. Etxean euskaraz ez dakiten helduak baldin badaude, komeni da egoeraz hitz egitea eta denon artean hizkuntzen erabilera adostea, euskarari ahalik eta tarte handiena emateko helburuarekin.

8. Paisaia linguistikoa zaindu

Hizkuntza belarrietatik nahiz begietatik sartzen zaigu. Telebista eta irratia, jartzen dugun musika, horman zintzilikatzen dugun egutegia, erosketaren zerrenda, hozkailuan itsasten ditugun ohartxoak… euskaraz izatea aukera polita da. Umea idazten hasi dela aprobetxatuz, hari eskatzen ahal diozue erosketaren zerrenda idatz dezan, adibidez.

9. Egin tokia euskarazko kulturari

Haurra gero eta gehiago hasiko da edozein pantailatan bere aukeraketak egiten, bere kabuz irakurtzen edota nahi duen musika entzuten. Hizkuntzaren faktorea zaintzea dagokizue, printzipio berari jarraituz: euskarari ahalik eta toki gehien emanez. Berdin euskarazko kultur ekitaldiekin: gaur egun zuen inguruan euskarazko ekitaldi ugari topatuko duzue; kontsultatu kultur agendak!

ETA BIZITZAN!

10. Izan hizkuntza ekologistak!

Munduan 6.000 inguru hizkuntza hitz egiten dira. Hizkuntza eta kultura aniztasun handia da hori, eta guzion ardura da aberastasun hori zaintzea. Seme-alabei euskaraz hazteko aukera emanez aniztasun hori babesten eta bultzatzen ari gara.

4 neska-mutiko parkean sarezulo batetik begiratuta
ERA bi haur oinak patinetea aisialdia

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat