neska gaztea eskailerak igotzen

Hizkuntza ikasteko prozesuan hainbat gaitasun eskuratzen dira: ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena. Hiztunek modu eta neurri ezberdinean garatzen dituzte gaitasun horiek, norberaren bizi esperientzia eta interesen arabera.

Hizkuntzak ikastearen helburu nagusia beste pertsonekin komunikatzea dela alboan utzi gabe, ikasketa eta lan esparruetan askotan hizkuntza tituluak eskatzen dira gaitasun linguistikoak egiaztatzeko. Ikasleen kasuan, DBHren eta Batxillergoaren bukaeran momentu ona da tituluak eskuratzeko, orduan menperatzen baitituzte hizkuntzekin lotutako eduki akademikoak.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuari begiratu behar zaio, gure inguruko hizkuntzen kasuan bezala, euskararen maila ofizialak ezagutzeko. Horiek dira ikasketa eta lan munduan eskatzen direnak eta horiek dira zentro ofizialetan egiaztatzen direnak:

A maila: oinarrizko erabiltzailea
A1 / Informazio erraza trukatzeko oinarrizko gaitasuna: maiz erabiltzen diren esapideak ulertu eta erabili, esaldi soilak osatu, ezagutzen duenari buruzko aurkezpenak egin eta oinarrizko informazioa eman.

A2 / Testuinguru ezagunetan adierazpenak egiten hasteko maila da: eguneroko bizitzako esaldiak eta esapideak ulertu eta deskribapen errazak egin.

B maila: erabiltzaile independentea
B1 / Adierazpen mugatuak egiteko gaitasuna: argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertu, gaia ezaguna bada; bidaia-egoeretan moldatu; gai ezagunei buruzko testu errazak osatu; iritziak eta asmoak labur azaldu.

B2 / Komunikazio-helburu gehienak lortzeko eta gai-mota askotan adierazpenak egiteko gaitasuna: gai zehatzei nahiz abstraktuei buruzko testuetako ideia nagusiak ulertu, jatorrizko hiztunekin mintzatu, gai askori buruzko testu argiak sortu, gai orokorrei buruz aldeko eta kontrako argudioak eman.

C maila: erabiltzaile gaitua
C1 / Eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna, gaia ezezaguna bada ere: egokitasuna eta erregistroa errespetatu; jariotasunez eta bat-batean gauzak adierazi; hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabili helburu sozial, akademiko eta profesionalekin; edozein gairi buruzko testu argiak eta ongi antolatuak idatzi.

C2 / Eskakizun akademiko edo kognitibo handiko testuak erabiltzeko gaitasuna: irakurritako edo entzundako ia guztia erraz ulertu, iturri desberdinetatik datorren informazioa eta argudioak berreraiki eta era koherentean eta labur adierazi, bat-batean gauzak jariotasun handiz eta zehaztasunez adierazi, esanahiaren ñabardura txikiak bereizi.

Azterketa ofizialak Nafarroan:

Hizkuntza Eskola Ofizialek (Iruñekoa, Tuterakoa eta Lizarrako Unitatea) eta Hezkuntza Departamentuko Zubiarte Euskaltegiak gainditutako mailaren egiaztagiri ofiziala ematen diete bere ikasleei.

Zentro horietako eskoletara joan gabe ere egin daitezke agiri ofizialak lortzeko probak:

  • Hizkuntza Eskola Ofizialeko “ikasle libreak”: B1, B2 eta C1, maiatzeko eta iraileko deialdiak (2018/19 ikasturtean online izen ematea 2019ko otsailean zabaldu zen).
  • EOIDNA-NUHEO Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala. Bigarren Hezkuntzako Zentroekin eta Unibertsitateekin batera hainbat programa dituzte ikasleek hizkuntza probak egin ditzaten.
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua: EGA (probak egiteko matrikula abenduan eta ekainean zabaldu ohi da).

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat