Iraileko zurrunbiloan gaude dagoeneko. Eskolan hasi, ikasturteko martxa hartu, ordutegiak antolatu… Gainera, irailean eskolaz kanpoko jardueren eskaintza iritsiko zaigu, izen emateak egin beharko ditugu… Baina, erne, merezi du horietan behar den arreta jartzea.
Aisialdiko hamaika aukera horien artean bada bat neska-mutikoei euskaraz eta euskaratik gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen diena: BERTSO ESKOLA, Nafarroan herriz herri zabaltzen ari den sarea.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak kudeatzen ditu bertso-eskolak. Izen ematea zabalik dago irailaren 20ra arte. Informazio gehiago, prezioak eta izen emateko formularioa hemen topatuko dituzue. Haiekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hauek dira telefono zenbakia eta e-posta: 948143747 / nafarroa@bertsozale.eus
Bertsotan ikastea baino askoz gehiago
Bertso-eskolan bertsolaritzaren oinarrietan sakondu eta sortzeko gaitasuna bultzatzen da. Ideiak hitzetara eramaten dira, eta horiek metrikara. Pentsamendu kritikoa ere lantzen da eta autoestimua hobetzeko aski jarduera lagungarria da, jendaurrean aritzeko trebetasunak jorratzen baitira bertsoaren bidez.
Bertso-eskolen oinarrian euskara dago beti, eta hortaz hizkuntzaren gaitasunean eta erabileran sakontzeko aukera ezin hobea eskaintzen du jarduera honek. Horrez gain, euskal kulturan eta historian murgiltzeko modua ere ematen du. Ingurune euskaldun batean bizi diren gaztetxoentzat ez ezik, etxean, lagunartean edo kalean euskaraz aritzeko aukera gutxiago dutenentzat lagunartean hizkuntzarekin gozatzeko eta ongi pasatzeko jarduera aproposa da.
Ez pentsa ohiko eskola batez ari garenik. Bertso-eskoletan hori guzia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta eta jolasaren bidez egiten dute. Gainera, Nafarroako bertso- eskoletako ikasleak aldian-adian elkartzen dira Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen udaleku, topaketa, txapelketa eta beste hamaika ekintzatan. Eskaintza hagitz erakargarria da. Ikus ezazue bideo hau.
Pentsatu al duzue inoiz zuen seme-alabak bertso-eskolan izen ematea? Gurasoak giltzarri zarete aisialdian haurrek eginen duten ibilbidean, eta oso garrantzitsua da denbora tarte horretan euskaraz gozatzeko ahalik eta aukera gehien eskaintzea. Zalantzarik gabe, bertso-eskolak horretarako parada paregabea eskaintzen du.
CC BY-SA 4.0