Gurasook ninia etxera heldu eta berehala ikasten dugu errutinen balioa; alegia, zer errepikatu egunero ordena berean, haurra presta dezagun bainurako edo lo egiteko, adibidez. Errutinek egonkortasuna eta segurtasuna ematen dituzte; alegia, gero zer etorriko den jakitearen lasaitasuna. Objektu edo jostailu jakin batzuk errutinen katalizatzaileak izan ohi dira. Errepikatutako esamoldeek ere antzeko funtzioa bete dezakete.

Bestalde, errutinak errazteaz gain, barneratutako esamoldeak geroko esaldi konplexuagoak ulertzeko eta sortzeko prozesuaren lehen urratsak dira.

Haurrarentzat garrantzitsua den egoera bakoitzak izan dezake bere erritu txikia. Hasteko, oheratzean eta esnatzean erabiltzeko batzuk proposatzen dizkizuegu.

Ohiko esaldiez gain: “Egin lo handia eta izan amets goxoak“, “Itxi begiak eta ongi lo egin“, Pello Añorgaren Din dilin dan bildumako errimen artean gustukoak aukeratzea eta ikastea izanen duzue egitekoa:

Oheratzean

Ongi lo egin,
ongi lo egin,
eta bihar berriro
izango elkarrekin.

Eguzki amandre
Eguzki amandre,
ohean sartuta
agur bihar arte.

Ondoloin, ondoloin
Buru bat eta bi oin

Lolo asko egin,
bihar apapa joateko.

Esnatzean

Argia piztu,
argia piztu,
begiak zabaldu
eta egin txistu.

Leihoa ireki
leihoa ireki,
Eguzki amandrea
jaiki da ederki.

Danba-danbor
eguna dator,
badator!

Mari bekain
Mari bekain,
ohetik jaikita
begiak apain.

Esnatzean txalo eta mugimendu

Esnatzean, ideia ona da esandakoa mugimendu edo txaloekin laguntzea. Adibidez, siesta eta gero:

Txalo, txalo,
pin txalo,
txalo, txalo
eta txalo.

Txalo, txalo,
pin txalo,
gure haurra
esna dago.

Txalo, txalo,
pin txalo,
ederki janda
eginda lo.