KANPOAN

Durangoko Azoka eta Euskarazko Produktuen Katalogoa: euskal kultura oparitzeko milaka aukera

Euskarazko musika, liburu edota jokoak oso lagungarriak dira haur eta gazteen aisialdian euskarak ere bere tokia izan dezan. Euskarri horiek aliatu bikainak dira irudimena lantzeko, hiztegia aberasteko, eta nola ez, gozatzeko. Eta gozamena dugu euskara gehiago hitz egiteko bidelaguna.

Ildo horretatik, Durangoko Azoka euskal kulturaren agertoki nagusi bilakatzen da abenduko zubian. Aurten 60.edizioa izanen du azokak eta abenduaren 5etik 8ra milaka kulturazaleren elkargune izanen da Durangoko Landako Gunea.

285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 argitaletxe, ekoizle eta artistaren artean, eta 1026 kultur nobedade egonen dira; horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak (fanzineak, audioliburuak, podcastak…) izanen dira. Horretaz gain, inoiz baino emanaldi, kontzertu, aurkezpen eta bestelako jarduera gehiago programatu dira, 273.

Aurten, gainera, bi gune berri estreinatuko ditu Durangoko Azokak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza). Horrekin batera, aurten nobedade bezala, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du. Kontzertuak, errezitaldiak, emanaldiak, ikuskizunak… Programazio osoa Durangoko Azokaren webgunean ikus  daiteke.

Antolatzaileek adierazi bezala, “Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen dituelako, euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak protagonista harturik”.

Urtetik urtera eskaintza geroz eta anitzagoa eta zabalagoa da. Horregatik, eta eskaintza zabal horretan laguntzeko asmoz, Euskarazko Produktuen katalogoa argitaratzen da urtero. 100 toki entitatek baino gehiagok antolatua da. Aurten ere, 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako milaka produkturen erreferentzia biltzen du: Liburuak, jostailuak eta jokoak, musika, komikiak, filmak, informatika eta App-ak, aldizkariak, gurasoentzako materiala eta Ebookak.

Euskarazko produktuen katalogoa

Urtero egiten da hautaketa, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta, eta paperean banatzeaz gain, www.katalogoa.eus atarian ere jasotzen da. Gainera, bilaketa aurreratua egiteko aukera eskaintzen du: adin-tartea, prezioa, etab.

Erabakiak hartzea kostatzen zaien horientzat, Galtzagorri elkarteak ere ipuin eta liburu gomendioak jasotzen ditu bere webgunean eta urteko “oso gomendagarrien zerrenda” osatzen du.

Gida hauen laguntza eta existitzen diren aukera guztiak ikusita, bada non aukeratua eta ez dago aitzakiarik. Beraz, Eguberrietan, oparitu euskara!