Euskararen Opor-kutxa eta txartelak
ETXEAN

Euskararen Opor-kutxa. Oporretan ere zaindu euskara

Oso komenigarria da seme-alabek euskara egoera erakargarriekin eta bizipen indartsuekin lotzea, eta horrek, maiz, gurasoek erabaki kontzienteak hartzea eskatuko du. Hari horretatik tiraka, hona oporraldietarako proposamen bat: Euskararen opor-kutxa.

Opor garaian haurrek ez dute eskolarik, eta baliteke eskolaz kanpokorik ere ez izatea. Euskarazko udalekuak izaten dira, ordea, eta horietan parte hartzeko aukera bikaina izaten dute neska-mutikoek. Edozein modutan, bada konstante bat opor garaian: guraso eta hurbileko senideekin askoz denbora gehiago eman ohi dute. Horrek aukera berriak irekitzen ditu, eta horiek probesteko Iñaki Eizmendi hezitzaileak opor-kutxa proposatzen du.

Opor-kutxa: Zer proposatzen dizuegu?

Aurrena, kutxa eta txartelak prestatu.

  1. Lehenik eta behin, zapata kutxa bat hartu eta zuen seme-alabekin batera kutxa hori apaindu. Adibidez: Opari paperarekin edo beraiek egindako marrazkien dekoratu. Kutxa prestatzen duzuenean barruan bi espazio bereizi, erdian xafla bat jarriz.
  2. Horrekin batera, kutxan sartzeko moduko hainbat txartel prestatu. Horietan idatzi proposatuko dituzuen jarduerak edo planak.
  3. Kutxaren espazioetako batean txartel guztiak jarriko ditugu, “egitekoen atala” izango da.

Opor-kutxaren funtzionamendua:

  1. Oporretan zehar, erabakitzen duzuen maiztasunarekin, txartel bat aterako duzue opor-kutxatik. Irakurri eta bertan jartzen duena egin: ipuin bat irakurri, euskarazko kultur ekitaldi batera joan, jolastu…
  2. Behin txartelean jartzen duena eginda, txartelak kutxako espazio batetik bestera pasako ditugu. Txartelarekin batera, ekintzaren oroigarri bat jar dezakegu, esaterako, irakurritako ipuinaren izenburua, txangoan hartutako hosto bat, ikusitako kultur ekitaldiko sarrerak, kantaren izena edo letra, jolasaren argazki bat…
  3. Oporrak amaitzen direnean edo hurrengo oporrak iristen direnean kutxa ireki dezakegu, sartutako “oroigarriak” atera, eta haiei buruz hitz egin: nola egin genuen, gustatu ote zitzaigun, zer oroitzapen dugun …

Zer jarriko dugu txarteletan?

Seme-alabekin batera gustura egingo dituzuen egoerak edo jarduerak idaztea komeni da, guztiok gustura parte hartzeko. Horretarako egokia litzateke elkarrekin pentsatzea eta osatzea jarduera posibleen zerrenda. Eta zer sartu? Bada, lotura honetan hainbat ideia.

Beraz, animatu eta sortu zuen Opor-kutxa. Horrekin Gabonetan, Aste Santuan, udan… seme-alabei euskararekin harreman indartsua izaten lagunduko diezue, ongi pasako duzue eta egindako gauzekin eguneroko moduko bat ere osatuko duzue.

Guraso elkartearekin landu nahi duzu? Zergatik ez tailer bat antolatu?

EBETE aholkularitza kooperatibak Oporretako bizipenen kutxa magikoa tailer praktikoa antolatzen du. Ordu eta erdi inguruko saioak dira. Lau saio diseinatu dira, baina antolatzaileek erabakiko dute saio bakarra, bi, hiru edo lau egin nahi dituzten.