ARG.: Pixabay
KANPOAN

Euskaraz aritzeko baliabideak Gabonetako oporretan eta aisialdian

Urtearen bukaerarekin batera Gabonetako oporrak eta aisialdia datoz. Gaua luze eta eguna motz, etxean biltzeko joera handia izaten dugu, baina badugu aukera, baita ere, kanpora atera eta hango eta hemengo ekitaldiez eta proposamenez gozatzeko.

Jakina da, bestalde, iazko eta aurtengo Gabonak berezi samarrak izaten ari direla, pandemia dela eta. Baina egoera berezi hori gorabehera, badaude han eta hemen antolatuta dauden hainbat ekintza, eta horietako hainbat ERAren agendan jasota daude.

Askotarikoak dira, izan ere, datozen egunotarako ERAren agendan aipatzen direnak: ipuin-kontaketak, antzerkia, sukaldaritza tailerrak, ping-pong tailerrak, haur txokoak, yoga familiartean, lego tailerrak, ilustrazio lantegiak, pailazoak, parkourra, jolasteko tailerrak, txotxongiloak, musika, 3D tailerrak, dantza familian…

Datozen bi asteotan, horrenbestez, Nafarroako herri eta eskualde ezberdinetan barna, aisialdian euskaraz aritzeko proposamen interesgarri askoak dauzkagu, era guztietakoak. ERAren agendak lagunduko dizu proposamen sorta horretan nabigatzen.

Jakina, etxean egotea hobesten duenak ere badu euskarazko aisialdirako aukera, eta laguntza ederra aurkituko du ERAren baliabideak atalean, hor ere era guztietakoak: musika, zinea eta marrrazki bizidunak, ipuinak eta literatura, jolasak…

Eskolako jardunak eten bat izanen du egunotan, baina ez euskararen erabilerak eta euskaraz aritzeko ahaleginak. Baliatu itzazu aukerak, eta goza ezazu.

CC BY-SA 4.0