ARG: Pixabay
BALIABIDEAK

EUSKARAZ KILIKA: haurrek gozatzeko eta hizkuntza praktikatzeko

Dindaia Fundazioak Euskaraz Kilika egitasmoa abiatu du, Nafarroako neska- mutilei euskara modu ludikoan eta atseginean bizitzeko aukera eskainiz. Proiektua hizkuntzaren transmisiorako sortzen ari diren zailtasunei erantzuteko bideratu da. Izan ere, pandemiaren eraginez, haur eta gazteen sozializazioak beherakada izan du, aisialdia bizitzeko eta elkarrekin egoteko aukerak erabat murriztu zaizkielako. Ez dute ia aukerarik izan aisialdiko ekintzen bidez euskara erabiltzeko, ez eskolaz kanpoko ekintzetan ez eta bestelako aisialdiko ekintzetan ere. Euskaraz Kilika aisialdian euskara erabiltzeko online proposamena da, Nafarroako haur eta gaztetxoei euskaraz gozatzeko aukera eskaini eta beren artean euskarazko harremanak sortu nahi dituena.
Udaberrian abiatu zen ekimena eta urrian amaitu dira saioak. Ekimenean, zehazki, 8 eta 12 urte bitarteko 421 haurrek parte hartu dute. Talde bakoitzean sei haur egon dira eta dinamizatzaile bat. Bideo Txat-ean elkartu dira, 45 minutuz, eta begiraleak proposatutako jolas eta erronkak egin dituzte.


ANE ARDAIZ ARRIAZU, Euskaraz Kilikako begiralea
“Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin sortu zen programa hau, Euskarabidearekin elkarlanean; izan ere, konfinamenduak, besteak beste, zenbait ondorio negatibo ekarri ditu alor honetan. Hitz gutxitan eta labur esanda, internet sare bidezko talde elkarrizketetan euskaraz aritzeko proiektua da. Nafarroako leku ezberdinetako haurrekin osatzen ditugu taldeak, eta horrek aniztasuna ematen die. Hasieran, galdera laburrak egiten dizkiegu egunerokotasunarekin zerikusia dutenak, horrela egunero errutina bat sortzen dugu goxo hasteko. Behin guztiak konektatuta gaudela, saioari hasiera ematen diogu. Egunez-eguneko programazioa zehaztuta daukagu aldez aurretik eta euskararen erabilera sustatzeko dinamikak praktikan jartzen ditugu. Begiraleok elkarrizketak dinamizatzen ditugu, galdera motzak eginez, haien arteko elkarrizketak eta galde-erantzunak bultzatuz, errondak eginez, jolas desberdinak erabiliz… esan daiteke nolabait jolasa dela aitzakia eta hizketa dela helburua.”

IBAI ALANIS ARDANAZ, 8 urte, Iruñea.                                                                      
“Euskaraz Kilikako saioetan oso ongi pasatzen dut, oso pozik nago lagun berriak egin ditudalako eta elkarrekin jolasten garelako. Nire taldean Iruñeko eta inguruko herrietako lagunak daude, Antsoaingoak adibidez. Euskaraz Kilikan jolasak, txapelketak, erronka ezberdinak eta batzuetan eskulanak ere egiten ditugu. Gehien gustatzen zaidana da erabat jolasten aritzen garela eta lagun berriak ezagutu ditudala eta oso jatorrak direla. Berriro antolatzen bada gustura parte hartuko dut.”

Izan ere, hori baita egitasmoarekin lortu nahi dena, haurrek elkarrekin jolastuz gozatzea eta aldi berean euskara praktikatzeko aukera izatea. Eta, dirudienez, datozen hilabeteetan izanen da berriro parte hartzeko aukera. Hala bada, ERAk eskaintzari buruzko informazio guztia emanen dizue.

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat