ARG: Primeran
euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma
BALIABIDEAKETXEAN

PRIMERAN, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma

Martxan jarri berria da primeran.eus, euskarazko ikus-entzunezko edukien streaming plataforma. HBO, Netflix, Filmin… eta horien antzekoa, baina euskaraz eta dohainik.

Besteak beste, haurrentzako atal atal berezia du, primerakoa, adin guztietarako hamaika marrazki bizidun, pelikula eta telesail eskaintzen dituena. Marrazki bizidunen artean, abenturazaleak, lotsabakoenak, animaliak protagonista dituztenak, magia ardatz dutenak, nesken indarraz dihardutenak etab. ditugu eskura. Euskal marrazki bizidunak ere badaude: Pailazokeriak, Teresa eta Galtzagorri, Betizu, Lur eta Amets… etxeko txikienekin euskarazko eduki digitalak gozatzeko aukera ezin hobea  ematen digute. Euskarazko ikus-entzunezko eduki guztiak (tira, gehienak) toki bakarrean!

Marrazki bizidunak

Gaztetxoen telesail gogokoenen artean berriz, Go!azen-en 9 denboraldiak ikusgai daude. Dudarik gabe, adin, gustu eta sasoi desberdinetarako sorta zabala eskaintzen duen gunea da. Udazkenean sartu berritan gauden honetarako, gainera, apropos-aproposa,  haurren aisialdia barnealdera mugatu behar dugunean, lagunartean zein familian gozatzeko aukera bikaina baita.

Fikzioa euskaraz bermatu, hedatu eta eskuragarri egitea du helburu, web gune bakarrean euskarazko eduki digital askotarikoak eskainiz. Gainera, bizi-bizirik dagoen espazioa da, etengabe produkzio berriak eskainiko dituena. Egun hauetan kasu, Gau Beltzaren harira, marrazkirik beldurgarrienak ikusteko parada dugu: arimen gauari lotutako kapitulu bereziak dira, marrazki bizidun desberdinetatik hautatu eta proposatzen zaizkigunak. Urteko gaurik beltzenerako filmak ere gozatu ahal izanen ditugu, “Errementari” euskarazko pelikula adibidez, edo hainbat telesail.

Ongi aski dakigu seme-alaben kontsumo ohiturak anitzak direla eta haiek zaintzen eta hautatzen gabiltzala etengabe. Besteak beste, ikus-entzunezko eduki motak, denbora-tarteak eta hizkuntza dira tentu handiz erabakitzen direnak. Hautaketa horretan bada, Primeran plataformak erraztu egiten digu euskarazko eduki digitalak lehenestea eta eguneroko bizitzan txertatzea.

Hori ere bada, neurri batean, PRIMERANek ekarriko duena, inguratzen gaituen errealitate digitala euskaratzea eta pantailak euskaraz kontsumitzea. Hori gainera, gozamenarekin lotzen badugu are eta hobeki, horrek motibazioan, erreferenteetan, mundu ikuskeran etab. maila positiboan eragingo du, atxikimendua sendotuz. Bada, euskaraz ere kalitatezko filmak, telesailak, dokumentalak… egiten dira, eta horiek Primeran-en daude. Parez pare dugu orain euskarazko leiho berria,  zabal dezagun bada eta gozatu eskaintzen duen eduki mamitsua.

NOLA IKUSI PRIMERAN:

Munduko edozein tokitan gaudela ere, klik bakarrean sartuko gara PRIMERAN.eus-en. Bertako edukiak ikusteko erregistratu egin behar da, horrekin aski da, eta ez da deus ordaindu behar. Google Play eta Apple App store-etan ere aplikazioa jaitsi daiteke, telefono mugikorrean edo gailu digital batean eskuragarri izateko.

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat