© ERA
Neskatila tabletari begira
Etxean

Filmin Euskaraz, kanal berria

Pelikulak zinema aretoan ikusteak xarma berezia badu ere, etxeko sofan, manta goxo batekin, eta krispetak janez egotea ere plan bikaina da.

Filmin.es pelikulak eta telesailak online ikusteko ataria da. Katalogoan 10.000 titulu baino gehiago daude eta hainbat iragazki ditu bilaketa errazteko: gaika antolatutako kanalak, bildumak, haurrentzako atala… Azken egunotan albiste izan da kanal berri bat sortu duelako: Filmin Euskaraz.

Hortaz, euskarazko pelikulak Filminen ikusi nahi dituenak lehenbizi erregistratu egin behar du, helbide elektroniko batekin edota Facebook kontuarekin. Gero, erabaki beharko du harpidetza egin edo ez. Jakina, zinemazale amorratu bati beti komeniko zaio harpidetza egitea, prezioak merketzen baitira. Nolanahi ere, harpidetza egin gabe ere, film solteak ikus daitezke.

Xehetasun guztiak hemen badaude ere, hauexek dira aukerak, labur-labur:

  • Harpidetzarik gabe: film solteak ikusteko aukera. Pelikulako 2 eta 4 euro artean ordaindu behar da (2020an) eta 72 ordu dituzu filma nahi adina aldiz ikusteko.
  • Bonoak, harpidetzarik gabe: 5 edota 20 film ikusteko bonoak dira eta ez dira iraungitzen.
  • Harpidetza: Oinarrizkoa eta Plus. Hilabetekoa (8-15 €/hilabetean) edota urtekoa (7-10 €/hilabetean) izan daizteke eta filmak ez ezik, telesailak ikusteko aukera ere ematen dute.

Momentuz 40 titulu inguru eskaintzen dira euskaraz. Horietatik 14 dira haurrentzat, gehienak 2015etik hona estreinatuak eta orohar, kritika txukun-txukuna dutenak. Gainera, oso askotarikoak dira: Nur eta herensugearen tenplua filma dago, adibidez, Toti Martinez de Lezearen liburuan oinarritua, edota Alfonbra magikoa, 1001 gauen remakea.

Nolanahi ere, hoberena da nork bere gustuen araberako bilaketa egitea eta aldian aldian sartzea, euskarazko bilduma handitzeko asmoa adierazi baitute sortzaileek/arduradunek, katalanezko filmekin egin zuten bezala, Filmin CAT atarian.

CC BY-SA 4.0