Txotxongilo emanaldia familientzat GoraGoraFest kultur zikloaren baitan
BALIABIDEAKKANPOAN

GORA GORA FEST: Nafarroan euskaraz gozatzeko kultur emanaldiak

Antzerkia, ikuskizun musikalak, magia emanaldiak, ipuin kontalariak… kultur eta jarduera proposamen ugari eta askotarikoak biltzen ditu GORA GORA FEST kultur zikloak. Aproposak familian joateko, elkarrekin plana egiteko, euskaraz gozatzeko, sentitzeko eta bizitzeko. Izan ere, gisa honetako emanaldiek emozioak sorrarazten dituzte, gehienetan, bizipen goxoak eta politak izaten dira. Bizipen horiek euskaraz badira, gainera, are eta hobe, modu horretan oroitzapen positiboekin eta ongi pasatu izanarekin lotuko baitugu hizkuntza. Haurrek ere hori sentitzea da bidea. Horregatik da garrantzitsua seme-alabak euskarazko kultur emanaldietara eramatea.

Ziklo honek baditu bestelako helburuak ere. Antolatzaileen esanetan: “Helburu nagusia euskara belaunaldi berrien artean sustatzea da, baita hizkuntza horretan eduki kulturalak eskaintzea ere; euskara nafar euskaldun, erdaldun edo elebidun guztiok batuko gaituen hizkuntza gisa ikusaraziz”.

Nafarroa osoan zehar banatuko dira emanaldiak: Zugarramurditik Corteseraino, mendialdeko, erdialdeko eta Erriberako herrietatik igaroz. Lehentasuna emanen zaie, normalean, euskarazko jardueretara heltzerik ez duten herriei.

Esan bezala, aukera zabala eskainiko du Gora Gora Fest kultur zikloak, eta haur, gazte eta helduentzako izanen dira: Antzerki familiarra, ipuin kontaketak, magia, gazte-helduentzako antzerkia, ipuin musikalak eta aurten, berrikuntza gisa, Urbano Dantza master classak izango dira.

Gora Gora Fest kultur zikloaren IV. edizioa izanen da aurtengoa, eta Nafarroako Gobernuak antolatzen du, Euskararen Nazioarteko Egunari begira. Hala, azaro osoan zehar eta abenduaren 8ra bitarte, herrialde osoko 55 herritan eskainiko dira ikuskizunak, tokiko erakundeen laguntzarekin. Programazio osoa Euskarabidearen webgunean eskura dago. Bertan, jardueren nondik norakoak kontsultatu ahal izanen dira: ikuskizunen informazioa, emanaldien ordutegia eta lekua. Programa osoa doakoa izanen da.

Hizkuntzarekin gozatzeko bide aproposa denez euskarazko emanaldietara joatea, gogoratu aipatutako kultur zikloaz gain, beste hainbat ikuskizunetarako hitzorduak biltzen dituela ERAren Agendak. Beti bezala, handik hona eta hemendik hara ibiltzeko motibo ugari eskaintzen du ERAk: antzerkia, musikalak, ipuin kontalariak, sormen tailerrak, zinea, Gure Zirkua…

CC BY-SA 4.0