ARG: Pixabay
Gurasoak eredu
BALIABIDEAKETXEANKANPOAN

Gurasoak eredu: zer entzun, hura erantzun

Gaur du hasiera Haurren aurrean helduok heldu kanpainak. Haren bidez azaleratu nahi da haurren hizkuntza erabileran helduek duten garrantzia eta eragina.  Kontu gehienetan bezala, euskararen erabilerari dagokionez ere, haurrek bere egiten dute gurasoen jokabidea, edo jokabide horren baitan eraikitzen dute beraiena.

Dena den, ekimenak helburu bikoitza du. Esan bezala, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntza- eta sozializazio-prozesuan duten eraginaz ohartarazi nahi du. Ohartarazi eta sentsibilizatu. Baina, horrez gain, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragiteko asmoa ere badu.

Hori dela eta, helduen (eta ez bakarrik gurasoen) eredugarritasuna eta erreferentzialtasuna landuko dira hurrengo egunetan, baina kanpainatik urrunago, ohitura bihurtzea da azken eta benetako asmoa. Lehenik eta behin, ohartarazi. Jarraian sentsibilizatu eta orduan, praktika onak gureganatzeko baliabideak eman.

Azken horri begira, esate baterako, arrunt erabilgarria da Jolasak eta Solasak bilduma, berriki berritua. Bertan, egunerokoan txertatzeko eta erabiltzeko jolas eta kantuak daude, gurasoek ikasiz gero, haurren aurrean eredugarri izateko bidea errazten diena.

Kantu edo formula laburrak dira, nagusiki jolasteko, baina bestelako egoeratarako ere erabilgarriak. Zubiri zubiri, esate baterako, jolas bat da bere horretan, baina abestia zotz egiteko ere erabiltzen da. Harri, orri, ar klasikoak ere,  jolasteko ez ezik, erabakiak hartzeko ere balio dezake. Eskolako patiora ala plazara joan nahi duten galdetzerakoan, adibidez, horrela erabaki daiteke!

Eredugarri izateko makina bat era dago, baina askotan ez gara ohartzen ekintza txikien ahalmena uste baino handiagoa dela. Haurrek eskertzen dute helduek tarteka beraiekin jolastea, lagun-taldean sartzea eta kide bat gehiago izatea. Horrelakoetan, guraso euskaldunek badute euskararekiko eredugarri izatea, eta haur horientzat erreferente bihurtzea. Nola? Zirristi mirristi formularen bidez, edota Zubiri zubiri jolasaren bidez… Soka-saltorako, berriz, badira kantu batzuk: Urteko hilabeteak (Jolasak eta Solasak, 2023), Itsasoan ari dira (2020), Aita, ama (2021)

Hemen dago azken bideo sorta:

 

Bestalde, kalea bezain egokia da etxea edo une pribatuxeagoak. Eragiozu eskutxoari formula, adibidez, sinple-sinplea da, baina haurrei maitasuna edo goxotasuna adierazteko hobe-ezina. Esaldi motzen indarra ezin da gutxietsi!

“Eragiozu eskutxoari, behin bat eta gero besteari”

Euskara biziberritzeko urrats garrantzitsuenetako bat da belaunaldi gazteek euskara ikastea, baina hori bezain garrantzitsua da hizkuntzaren erabilera errotzea. Hori dela eta, ohiturak txiki-txikiak direnean ezartzea komeni da eta inoiz ez bistatik galtzea helduen jokabideak haurrengan zenbateraino eragin dezakeen.

 

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat