Hamabigarren astea. Liburuez elkarrekin gozatzen hasteko aholkuak
Haurraren etorkizuneko irakurzaletasuna sustatzeko, garrantzitsua da txiki-txikitatik inguruan liburuak ikusten ohitzea. Kontuan hartu, bestalde, gurasoek ozenki irakurtzeak umearen ahoskera eta ulermena laguntzen dituela.
Album ilustratuak liburuak ezagutzen hasteko modu bikaina dira, istorioekin batera, ilustrazioen plazer estetikoa ematen dutelako.
Haurra txikitxoa denean, bistan da, zuek izanen zarete ezinbesteko bitartekariak, umeari erakutsiko diozuenak albumak eskain dezakeen guztia. Baina, nola hasi haur liburuetan murgiltzen?
Hemen gida moduko bat emanen dizuegu, zuen erritmo eta gogoaren arabera jarraitzeko urratsak:
- Aukeraketa. Adituen gomendioak bilatu. Adibidez, herriko edo auzoko liburuzainari galdetu edo Galtzagorri Elkartearen webgunean sartu: Galtzagorri. Halaber, Euskarazko Produktuen Katalogoan 00-05 urteko haurrentzat egokiak diren liburuen erreferentziak ikus ditzakezue.
- Zuek irakurri aurretik. Lasai irakurri umeari erakutsi baino lehen. Erreparatu testuan zein irudietan. Batzuetan liburuen forma bera jolasteko aitzakia izan daiteke, edo edukiarekin lotuta egon.
- Bilatu une lasaia. Umeak liburuko irudietan eta zuen ahotsean arreta jartzeko une lasaia bilatu. Liburu bat ikustea errutina bihur dezakezue, lotara joan aurretik, adibidez.
- Ikusi elkarrekin behin eta berriro. Umea ez da nekatuko liburu bera behin eta berriro ikusteagatik. Kontrakoa, nolabaiteko plazera aurkituko du jarraian etorriko dena ezagutzean. Izan ere, mintzatzen dakitenean, ez dira gutxi gurasoei kargu hartzen dieten haurrak, memoriaz dakiten ipuinaren zati bat aldatu dutelako.
- Gorde zuentzat gustuko hizkuntza baliabideak. Eman garrantzia esamoldeei eta adierazkortasun handiko esaldiei. Hizkuntzaren transmisioan askotan horiek dira falta ditugunak eta literaturak adibide bikain asko emanen dizkigu.
- Saiatu liburutik harago joaten. Erakutsi umeari liburuan ikusitakoak beste esparru batzuetara egin dezakeela jauzi. Batzuetan, adibidez, liburuek badute ezkutuko kanta bat…
Besarkada: https://youtu.be/tSp1mFQgzl0
Poza: https://youtu.be/7gAjrIdba8Q?list=RD7gAjrIdba8Q
… edo bereziki gustatu zaizuen pertsonaia baten irudiaren kopia egin dezakezue eta horman jarri. Ilustrazio asko artelan bikainak dira, iraunarazi zuen inguruan.
Zuen zaletasunen arabera literatura, musika eta arte plastikoak uztartzean gozamen handia lortuko duzue eta, horrela, umea ere zaletuko duzue.
Haurra handitzearekin batera aukerak biderkatuko dira: antzerkitxo txikiak antolatu, gustuko zatiak grabatu eta lagunei bidali, gustuko orriak marraztu… Herriko edo auzoko liburutegian liburuak elkarrekin aukeratzeko garaia ere helduko da. Horretarako oraindik itxaron beharko duzue, baina gidan ikusi duzuen bezala, aurreko urrats asko gertu dauzkazue.
Gaian sakontzeko, ERA ESKOLArako Saroa Bikandik emandako azalpena entzun dezakezue:

