Euskarara hurbiltzeko tresna eraginkor eta atsegina dira kantak. Umeak motibatzeko baliabide apartak dira eta, horien bitartez, umeen eta helduen gogo-aldartean eragiteaz gain, memoria, ahoskera eta hitz jarioa bikainki lantzen dira.
Dakizuenez, ERAko musika atalean hainbat kanta zerrenda daude, sehaska abestietatik nerabezarora arte, adina eta egoeraren arabera antolatuta. Azken asteotan kanta berri sorta bat igo du, lehen zeudenei gehituz. Hona hemen igotako berrien artean gomendio batzuk:
Hiru urtetik aurrerako atalean abesti erraza eta alaia dugu goizean gurasoak agurtzeko, Egun on ama, egun on aita. Hortzak erortzen direnerako, berriz, Perez sagutxoa prest izanen da, eta ez dago zalantzarik hortza galdu izaneko momentua goxatzen lagunduko duela.
Sei urtetik aurrerako atalean, Zetak taldearen eta Erramun Martikorena abeslariaren Itzulera kanta topatuko duzue. Gaztetxoen artean bolo-bolo dabilen abestia da, berriki saritua izan baita 2023ko Gaztea Sarietan. Horrez gain, ez atzendu Kantu Kolorea taldearen Nire gorputza da abestia entzutea.
Hamar urtetik gorako ume koxkorrentzat zenbait kanta berri aurkituko dituzue, esate baterako, Anne Lukinen eta Gorka Urbizuren Lisboa izenekoa, pop-rock melodiez apainduriko kanta ederra. Zerrenda berean dituzue, Xiberoots taldearen Hitza hitz reggae kanta, En Tol Sarmientoren Abuela maitea abesti hunkigarria, eta J Martina eta Ibil Bedi taldearen Ez daukat ezer.
Azkenik, ez ahaztu Etxeko Kontuetarako atala bisitatzea, bertan, beste kanta batzuen artean, Ene Kantaken Hortzak Garbitzera abestia topatuko duzue, umearen garbiketan autonomia lortzen lagunduko duen abestia.
CC BY-SA 4.0