ARG: ERA
ipuingarria
KANPOAN

Hemen da hirugarren “Ipuingarria”!

Ahozkotasuna, ilustrazioa, poesia, musika eta ipuinak izanen ditu oinarri Ipuingarria ekimenak. Liburuaren festa honek ipuinen bitartez ateak irekiko dizkio gure irudimen kolektiboari, izan ere ipuinak entzutetik eta irakurtzetik haratago doa Ipuingarria. Euskal komunitatea elkartzeko espazio bat sortu nahi izan du Karrikirik, txikiei haien herriko artistak ezagutzeko hitzordua jarriz, eta ez hain txikiei gozamenerako uharte bat eskainiz.

Ipuingarria zikloa Karrikiri elkarteak antolatzen du. Aurtengoa 3. edizioa da eta azaroaren 9tik 12ra izanen da, Iruñean, Kondestable jauregian (eskolentzako ekitaldiak) eta Laban (mundu guztiari irekiak). Honako agendan kontsultatzen ahal duzue lau eguneko egitarau oparoa.

Liburuaren festa honen helburua etxeko gazteenek ipuinekin, ilustrazioarekin, musikarekin, ahozkotasunarekin gozatzea da, ekimen parte-hartzaile, dibertigarri eta hezitzaile baten bidez. Hiru urteko ibilbide honetan Ipuingarria ezinbesteko erreferentzia bihurtu da, bai haurrentzat, bai familia osoarentzat.

Karrikiri, Iruñeko Euskaldunon Topagunea, orain dela urte franko hasi zen hiriburuko euskal komunitaterako zerbitzuak eskaintzen eta adin guztietako euskaldunontzat ekimenak antolatzen. Euskararen eta euskaltzaleen erreferente bat da, dagoeneko.

Iruñeko Xabier karrikan dagoen leku hau ez da bakarrik elkartearen egoitza, bertan dago Karrikiri Euskal Denda ere. Mota guztietako produktuak aurkitzen ahal dira: liburuak, jostailuak, arropa, diskoak… eta den-dena euskaraz, jakina. Ez da denda hutsa, gainera, euskaldunon topagune berezi eta xarmagarria da, besteak beste, Karrikiriko lagunek proiektu hau mimatzen eta goxatzen egin duten lanari esker. Urteekin hedatzen eta egokitzen joan da, gainera.  Izan ere, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen denda fisikoaz gain, duela zenbait urte dendak Internetera egin zuen salto, eta gaur egun mundu osora zabaltzen du bere eskaintza.

Liburu fisikoez nahiz ipuin kontalariez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digute Karrikiriko lagunek asteburu honetarako, eta hauxe haien gonbidapena: Dena esana dago eta dena esateke, bazatoz? Bat, bi, hiru: hemen da ipuingarria!.

CC BY-SA 4.0