KANPOAN

Ikusi Mikusi, zer ikusi? haur eta gazte literatura azoka

Sarritan esan izan da zein garrantzitsua eta onuragarria den literatura. Haurrak txikitatik irakurtzen hasiz gero, gainera, are eta hobe, ohitura hartzen joanen baitira. Eta azken batean, zaletzea da helburua. 

Galtzagorri elkarteko Intza Alkainen hitzetan euskal literatura barandadun eskailera baten gisakoa da. Eskailera horri esker eskuratuko ditugu zenbait gaitasun linguistiko, komunikatibo eta literario. Eta bestetik, eskailera barandaduna da, baranda istorioak lirateke. Istorio horien laguntzaz goaz literaturaren bidea osatzen:  istorio bikainak irakurtzen, mundu ezberdinak deskubritzen, inoiz ezagutu gabeko bizipenak bizitzen… eta, bide batez, aipatutako gaitasunak eskuratzen. Horregatik da hain garrantzitsua irakurzaletzea eta literaturara zaletzea.

Hain zuzen ere, horretan laguntzeko apropos-aproposa da Ikusi Mikusi euskara hutsean den HAUR eta GAZTE LITERATURA AZOKA. Gisa honetako lehenbiziko azoka da hau, hemen eskainiko diren liburu, tailer eta emanaldiak haur zein gazteentzako, eta euskara hutsean, izanen baitira. IV. edizioa du aurtengoak eta urriaren 11n eta 12an eginen da, Saran. Literaturarekin lotura estua duen herri da Sara, hemen antolatzen baita Idazleen Biltzarra ere, dagoeneko 41 urtez egin dena. Biltzarrak izandako arrakasta ikusirik, haur eta gazteei eskanitako azoka antolatzea erabaki zuten, betiere euskal literaturaren bideari eutsiz.

Ikusi Mikusi azokak bi egun ditu. Urriaren 11 eskolen eguna izanen da, ekintza, ikuskizun eta tailer anitzez josia, eta Euskal Herri osoko ikastetxeei zuzendua. Euskal kulturaz eta literaturaz gozatzeko aukera aparta da, inondik inora. Hemen ostiraleko egitaraua.
Euskal Literatura, haurrentzako azoka, Ikusi Mikusi
Familientzako eguna, aldiz, larunbata izanen da, urriaren 12a. Egun osoan zehar, liburu azokaz gain, tailer eta ikuskizunak izanen dira. Hemen larunbateko egitaraua.

  • Liburu Azoka: 15 argitaletxe baino gehiago izanen dira azokan, haien azken liburuak aurkeztuz. Haurrek eta gazteek euskarazko liburuak erosteko aukera izanen dute, eta idazle eta ilustratzaileekin harreman zuzena ukanen dute.
  • Tailerrak eta Ikuskizunak: Haur, gazte eta gurasoendako tailer eta ikuskizun ugari izanen dira, adin bakoitzerako egokituta. Tailer eta ikuskizun horiek sormena eta euskal kultura sustatuko dituzte, familientzako giro ezin hobean.

Esan bezala, azoka Sarako herrian barrena izanen da, Lurberri Aretoan eta horren inguruko eremuetan. Goizeko 10:00etan hasiko da eta arratsaldeko 18:00etan bukatu. Tailer guztiak dohainik izanen dira, eta ikuskizunen sarrerak 5 euro balioko ditu.

Ikusi Mikusi euskal Literatura azokaren mapa

CC BY-SA 4.0