Lehen astea. “Hasieran soinua izan zen: gurasoen ahotsa”
Gurasoen ahotsa lasaigarria da haur jaioberriarentzat, are gehiago melodia batez lagundua bada. Hala, munduko kultura guztietan sehaska kantak erabiltzen dira haur jaioberrien loa laguntzeko.
Baina sinplea ematen duen gurasoen ekintza horrek, haurrei kanta lasaiak abesteak alegia, badu funtzio garrantzitsua haurren garapenean. Federico García Lorcak zioenez, sehaska kanten bidez gurasoek une poetikoa eskaintzen diete haurrei loaren aurretik; eta hori garrantzitsua da haurrak entzule eta sortzaile papera bikoitza jokatzen duelako. Sortzailea, entzuten dituen eszenak eta pertsonaiak irudikatzen hasten delako poliki-poliki, eta hori sormen lana da.
“Itsasoa laino dago” sehaska kanta tradizionala erraza da ikasten. Lau bertsoko ahapaldiek osatua, nahikoa izanen duzue, hasieran, bizpahiru ikastea, gehien gustatzen zaizkizuenak aukeratuta. Errepikapenaren bidez kanta luzatu ahalko duzue loak haur txikia hartu arte.
Kepa Junkerak eta Eleftheria Arvanitaki abeslariak 2010. urtean egindako bertsioan, adibidez, kanta tradizionalaren lehenengo, bigarren eta laugarren ahapaldiak hartu zituzten:
1. Itsasoa laino dago
Baionako barraraino,
Nik zu zaitut maiteago
txoriak bere umeak baino!
2. Aita gutaz oroit dago
lainopean gaueraino.
Nik zu zaitut maiteago
arraintxoek ura baino!
3. Afaria suan dago,
bero beroa sarridino.
Nik zu zaitut maiteago
egur onak sua baino!
4. Izar xuriz mila dago
iparretik hegoraino.
Nik zu zaitut maiteago
ilargiak gaua baino!
5. Lo egizu, egizu lo,
deskantsuan bihar artio.
Nik zu zaitut maiteago
gau beltzean loa baino!
6. Orain haurra hor lo dago;
lo egizu aingeruño.
Nik zu zaitut maiteago
zure aitak nihaur baino!
Paya X. (2013) “Ahozko Euskal Literaturaren Antologia” Etxepare Euskal Institutua

