Musikalak euskaraz
KANPOAN

Musikalak euskaraz, Broadway etxean

Ez da harritzekoa euskara eskenatoki gainean ikustea. Uzta oparoa eman du euskal musikak eta oraindik ere asko emanen du, zalantzarik gabe. Musika eszena osasuntsu dabil eta gero eta genero gehiagotara iristen ari da euskara, gustu guztiak asetzeko.

Taula gainean, dena den, dena ez da musika. Arte eszenikoak ere ematen ari dira zeresana.

Eta bidegurutzean, musikalak ditugu. Maitatuak bezain gorratuak askoren ustez, baina modu batera zein bestera, badute beren publikoa eta euskarazkoek ere gero eta zale gehiago. Ez da antzerkia, ez da musika soila. Arte eszenikoen genero bat dira, non trama abestien eta dantzen bidez irudikatzen den. Eta bereziki interesgarria da gehienetan kantuak ikuskizunerako propio sortuak direla, taularatzen ari diren historia xehe kontatzeko, alegia.

Euskararen biziberritzerako musikalek ere badute garrantzia. Izan ere, antzerkia, musika, letrak, elkarrizketak eta dantza elkartzen dira eta emaitza ikuslearentzat gozagarria den bezala, musikala sortzeko prozesua oso aberasgarria da musikari eta antzezleentzat, baita hizkuntzaren lanketari erreparatuta ere.

Horregatik, besteak beste, Jaso ikastolak aukeratu zuen musikalaren formatua bere ikasleekin euskara lantzeko. Lantzeko, baina ez gela barruan bezala, baizik eta euskaraz eta euskararen bidez gozararazteko. Bide beretik lanean ari dira Barañaingo Alaitz insitutuan, musika eta arte eszenikoetako batxilergoan, zehazki. Horiei esker, ikasle askok euskara beste modu batera lantzeko eta bizitzeko aukera dute, eta aldi berean, euskaraz sortutako kultur ekitaldien agenda askotarikoagoa da. Gaur bertan, hain zuzen ere, Baluarten programatuta dago TE-4000 Hegaldian musikalaren emanaldia, arratsaldeko 19:00etan.

Aukera polit-politta, beraz, familian euskarazko ikuskizun batera joateko eta haurrek euskal kulturaz gozatzeko. Dagoeneko ohitura dutenek ohitura sendotzeko, eta oraindik ez dutenek, eraikitzen hasteko. Inoiz ez da berandu kulturaz gozatzen hasteko, marrazki bizidunetatik harago, edota plataforma eta App-etatik harago. Tarteka-marteka ez  baita batere plan txarra etxetik atera,  entzunareto batera joan eta horren ohikoa ez den emanaldi bat ikustea. Eta aukera hori ez dutenentzako, Youtuben ere bilduma osoa dago:

Jasomusikala: https://www.youtube.com/@jasomusikala/featured

TE-4000 Hegaldian musikalaren trailerra:

CC BY-SA 4.0