ARG:ERA
BALIABIDEAKETXEAN

Nor da Mariasun Landa?

“Krokodiloa ohe azpian”, “Iholdi”, “Alex”, “Txan fantasma”… Haur eta Gazte literaturako izenburu esanguratsuak dira horiek, baita sari handiak irabazitakoak ere. Horien eta beste askoren egilea da Mariasun Landa idazlea.

Literatura izan du ardatz bizitza guztian: irakaskuntzan aritu da, literatura irakasten EHUn 25 urtez, baina batez ere, idazten eman ditu ordu gehienak.

Mariasunek betidanik izan nahi zuen idazle, bere pasioa zen idaztea. Berak esana da literatura “bidaiak egiteko modurik onenetako bat” dela. Txikitan ikasi zuen hori, liburuetako istorioetan murgilduz “bidaiatu” zitekeela, alegia. Telebistarik gabeko garaian hazi izanak horretan ere lagundu izan zuen, ziur aski. Eta horrelaxe pasatzen zuen denbora liburu artean. Asko gustatzen zitzaion irakurtzea. Landarentzat irakurketa horiek benetako atsegin eta plazer iturri ziren. Halako batean, liburuekin sentitzen zuen plazera besteei emateko nahia piztu zen neska kozkor harengan; gauzak asmatuz, idatziz eta besteengan ilusioa sortuz, plazera ematea, horixe zen bere nahia.

Gazte denboran Parisera joan zen filosofia ikasketak egitera. Bertan lau urtez bizi ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, eta euskararekin zuen zorra kitatzeko garaia zela ohartu zen. Hala, euskara ikasten hasi zen, Zarautzen, Anjel Lertxundirekin eta Jexux Mari Olaizola, Txilikurekin.
Euskara ikastearekin batera, euskara eta euskal munduan zeuden hutsuneak nabarmenak zirela konturatu zen: 6, 7, 8 urteko ikasleek apenas zeukaten irakurtzeko libururik. Horrek, eta Landak zuen idazteko zaletasunak, euskarazko ipuinak idaztera animatu zuen. Berak aitortu bezala, “euskaraz idazten hasi nintzen, neurri handi batean, zeuden hutsuneak betetzeko”.

Eta horrela abiatu zen bere idazle ibilbidea. Aipatutako hutsune horiek betetzeko eta irakurtzearen plazera besteei helarazteko asmoz hasi zen, beraz, ipuinak idazten. Eta hasi bazen hasi, 40 urte eman ditu langintza horretan, idazle izateko bere ametsa betez.

Haur eta gazteentzat liburu sorta zabala idatzi du Mariasun Landak: “Amets uhinak”, “Elisabete lehoi domatzailea”, “Joxepi dendaria”, “Iholdi”, “Elefante txori-bihotza”, “Zure eskuan”… Zerrenda luzea osatu arte. Lan errekonozimentua ere jaso du ondotik, sari entzutetsuak irabazitakoa baita:

– Haur eta Gazte literaturako Espainiako SARI NAZIONALA: “Krokodiloa ohe azpian” liburuarekin
– EUSKADI SARIA: “Alex”
– LIZARDI SARIA: “Txan fantasma”
– EUSKO IKASKUNTZA SARIA
– DABILEN ELEA SARIA

Euskal Herritik kanpora ere iritsi dira Landaren liburuak, hainbat hizkuntzetara itzuli izan baitira: katalanera, galegoa, gaztelania, ingelesa, frantsesa, bretoiera, eta albaniera.

Hona hemen Krokodiloa ohe azpian liburuan oinarritutako grabazioa, Booktrailer baterako Lasalle San Luis ikastetxeko ikasleek sortutakoa:

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat