ARG: Dindaia Fundazioa
KANPOAN

Nor da Xamariko?

Pertsonaia magikoa da, misteriotsua eta ikusezina.
Bihurria, langilea, maitekorra,
eskuzabala, eta batez ere, euskararen herria maite duena.

 

Haurrentzat sortutako pertsonaia da Xamariko, euskara erabiltzeko motibazioa lantzeko erabiltzen dute aisialdiko jardueretan. Dindaia Fundazioko Rikardo Ederra zenak sortu zuen, txikitan bere amonari entzundako ipuinetako pertsonaian oinarrituta. Amonak kontatzen zuenez, Xamariko tximiniatik behera etxeetan sartzen zen, gauean, lotan ez zeuden haurrak berarekin eramateko. 

Kontakizun horretatik abiatuta, eta pertsonaia hau ardatz hartuta, euskal mitologian oinarritutako ipuin eta bertso musikatuen bilduma sortu zuen Dindaia Fundazioak, “Xamarikoren Ipuin Zorroa” deiturikoa. Musika, komikiak, marrazkiak eta hamaika kontu biltzen ditu. Bilduma horrek helburu zehatza izan du sorreratik: euskal kultura ezagutaraztea, Rikardo Ederrak pentsatzen baitzuen ezagutzen den hori errazago maitatzen eta lantzen dela.  

Xamarikok bide luzea egin du geroztik. Gaur egun ere bizi-bizirik dago. Urte osoan zehar Dindaiak antolatzen dituen eskolaz kanpoko ekintzetan eta jolasaldien dinamizazioan erabiltzen dute Xamariko, haurrak euskararen mundura hurbiltzeko eta euskaraz hitz egiten animatzeko –motibazioa lantzeko-. Proposamen ezberdinak lantzen dituzte adinaren arabera: Haur Hezkuntzako eta Lehen hezkuntzako txikienek kantuak eta jolasak ikasten dituzte Xamarikorekin. Lehen Hezkuntzako bigarren ziklokoek Xamariko Egunerako ikuskizun bat prestatzen dute Xamarikoren laguntzarekin. 

Eta horrela, ikastetxez ikastetxe eta urtez urte, handituz joan da Xamarikoren mundua. Hona hemen haren bueltan sortutako zenbait jarduera:  

  • Xamariko eguna

Dindaia Fundazioarekin ikasturte osoan zehar parte hartzen duten haur, guraso eta begiraleak batzen dituen festa eguna da. Bi helburu nagusi ditu: euskarazko aisialdiaren garrantzia aldarrikatzea eta gurasoak horretaz jabetzea, eta Rikardo Ederra, Dindaia Fundazioaren sortzailea, omentzea.

Urtero antolatzen da, eta beti Iruñerriko ikastetxe ezberdin batean. Aurtengoa 16.a izanen da, Hegoalde ikastetxean ospatuko da, apirilaren 1ean, larunbatean.  11:00etan hasi eta goiz osoko egitaraua prestatu dute: kirolerako, musikarako, antzerkirako eta, nola ez, jolaserako tartea izanen da.

 

 

 

 

  • “Xamarikoren altxorra” ipuina
 

 

  • Xamarikoren abestia
  • Rikardo Ederra mikro-ipuin lehiaketa
 

CC BY-SA 4.0