ARG: Kotarro. Agate deuna bezperako koru txipiak Lizarran
Santa Ageda bezperaren ospakizuna
KANPOAN

Santa Ageda, abestia buruan eta makila eskutan, kantatzera

Santa Ageda ospakizuna aski erroturik dago euskal kulturan. Gure herrietan ezagunak dira bezperan, makil bat eskuan dutelarik, kalera kantari ateratzen diren neska-mutil taldeak. Abestiaren erritmoari lagunduz, kantariek lurra kolpatzen dute hura negutik ernatu nahiko balute bezala.

Aurreko asteotan nagusiki haurrak ibili ohi dira kantuaren letra ikasten, baita entsaiatzen ere. Oso garrantzitsua da kide guztiak koordinatuta egotea abestia kantatzerakoan eta makilarekin erritmoa eramaterakoan. Hasierako zatia da kantatuena (hemen ikus daiteke), baina kopla gehiago ditu berezko testuak.

Dena den, ospakizunaren harira lehen beste erritu batzuk ere egiten ziren Nafarroako hainbat tokitan. Esate baterako, ohikoa omen zen Santa Ageda gauean kanpaiak jotzea. Dirudienez, sorginak uxatzeko egiten zen hori, haiek ohitura baitzuten gauean ateratzeko. Igal herrian, esaterako, 1960ko hamarkadara arte gazteak kanpandorrera igo eta kanpai hotsak ateratzen pasatzen zuten gau osoa. Altsasun, ordea, neska gazteak etxez etxe ibiltzen ziren eskean, eta Arruazun tximiniak garbitzen ziren ohorezko meza entzun aurretik.

Bestalde, baziren suari loturiko errituak ere ospakizunaren bezperan. Ablitasen, hain zuzen, ohitura zuten kanpandorrean sua pizteko, udako ekaitzak gau horretan banatzen zirelakoan. Arroitzen ere suak pizten zituzten kaleetan eta, turutaren deiadar baten ondoren, urtean izandako gertaera nabarienak bertso baten bidez kontatzen zituzten herriko agintariek. Suarekiko lotura hori beste inguru batzuetan ere jaso izan da. Italian, adibidez, suari loturik zegoen deunaren gurtza, Etna sumendiaren leherketen aurkako zaindaria baita.

Horrela bada, otsailaren 4an Santa Ageda koruak kaleetan ibiliko dira non-nahi. Plan ederra izan daiteke seme-alabekin kalera euskaraz kantatzera ateratzeko. Bitartean, hona hemen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Oles egitera gatoz kanta, lurra neguko loalditik esnatzeko abestia.

CC BY-SA 4.0