Aste Santua hemen da, opor egun batzuk beraz, eta hasteko eguraldi txukuna. Nafarroan barrena hamaika plan egin daiteke eskaintza ez baita txikia, baina oraingoan hauxe da gure proposamena: Peru-Harri!
Museo bat dela diote, baina tira… ez edonolako museoa. Bertan, haurrek Perurenaren ahotik entzunen dituzte harri-jasotzaileen inguruko hainbat eta hainbat istorio eta zur eta lur geldituko dira 8 metroko eskulturen oinetan gora begira. Leitzan, larre baten erdian, ardiz ingurutaturik, mendi betean… Plan bikaina, ezta?
Zergatik, beraz, Peru-Harrira?
- Mendian gozatzeko, etxetik kanpo, udaberriko giroaz.
- Museo bat delako, baina atari zabalean.
- Haurrak liluraturik geldituko direlako kanpoaldeko harri eta eskultura erraldoiekin.
- Baserri baten barrenak ezagutzeko.
- Bisitako gidariak perurenatarrak direlako. Harri-jasotzaile ospetsuagorik ez dago.
- Eta, batez ere, bisita euskaraz egin daitekeelako. Gogoratu, haurrek euskaraz hitz egin dezaten, ideia bikaina dela plan politak euskaraz egitea, are gehiago familian bada, hizkuntza-ohituretan asko lagundu baitezake.
Bisitaldiaren ibilbidea labur, espoilerrik gabe
Baserria goitik behera:
- Etxea ikusteko aukera.
- Harri-jasotzaileen egunerokoa: harriak, harriak altxatzeko poleak, katapulta bat…
- Perurena familiaren argazkiak, harriak jasotzeko erabilitako jantziak…
Kanpoaldean:
- Basoan barrena paseo bat.
- Eskultura erraldoiak.
- Monumentu megalitikoak.
- Kobazulo bat, garai batean jentilen bizitoki izandakoa.
- Gisu-labe bat.
- Koloretako harriak.
Oinarrizko informazioa
- Bisitaren hizkuntza: euskara eta gaztelania.
- Prezioa: 4€ helduek eta 3€ haurrek.
- Iraupena: 2 ordu inguru.
- Ordutegia: larunbat eta igandeetan (erreserba ezinbestekoa).
- Telefonoa: 659 70 10 45
- Helbidea: Gorritienea baserria. Leitzatik 2 kilometrora dago, NA-1700 errepidetik joanez gero, Uitzirako norabidean.
Eguna/plana luzatu nahi?
- Ibilbideak: Leitzako ingurua eta paisaia zoragarriez gozatzeko ibilbide ugari daude. Oinez, lasterka, bizikletaz, zaldiz…modu askotara goza daitezke gainera!
- Plazaolako bide berdean: Lekunberrin “Jokoen bagoia” bisitatu, haurrentzat prestatutako tren-bagoia.
CC BY-SA 4.0