Zazpigarren astea. Kilimak eta laztanak
Kontsolatzeko laztanak eta irri egiteko kilimak dira umeei eragiten dizkiegun estimulu fisikorik ohikoenak. Dudarik gabe, afektuaren adierazgarriak dira, baita pertsonen arteko atxikimenduaren oinarrietako bat ere.
Hizkuntzak dena blaitzen duenez, badugu une berezi horiek ere euskararekin lotzeko modua. Mina arintzeko, adibidez, ia formula magikoa ematen duten bertsoak errepika ditzakegu, mina hartutako gorputz atala laztantzen dugun bitartean (Xaldun Kortin):
Mitxitxi narrau,
katu narrau,
amatxi narrau,
nik beti zuri musua narrau!
Beste hau ere oso ezaguna da:
Senda mina, putx-urrina,
joan da, joan da, zure mina!
Proposatzen dizuegun hurrengo urratsa da kilimak egiteko jolas ugarien artean pare bat aukeratzea eta zuen eguneroko jolas errutinetan txertatzea. Barre algaren plazera partekatzeaz gain, umearen motrizitatea lagunduko duzue (Pello Añorga, Din dilin dan):
JO
Jo trin-pon-pan pon-trin-pan
Ziripot, pot, ziripot
Zirri-mirri pot-pot
JANGO MANGO
Jango-mango martxango,
zure hankatxoa nork jango?
Zure amatxok/aitatxok jango!!
MIRRI-MIRRIAU
Mirri-mirriau jan haur hau,
bihar ala gaur? (…)
Gaur, gaur, gaur, gaur!
KILIMAK
Kilimatxo, kilimatxo,
egin kilimak amatxooo!/ aitatxooo!

