Zenbat aldiz entzun ote dugu “zer ikusi, hura ikasi” esaera? Esanahi errazekoa da, edonork ulertzeko modukoa, baina sarriegi ahazten duguna. Eta hain da garrantzitsua adierazi nahi duena!
Haurrek inguruan ikusten dutena ikasten dute, ohiturak transmititu egiten dira eginaren poderioz. Birziklatzen ikastea, esaterako. Egiteko berria izan zenean zaila zirudien betetzea, baina egunero-egunero etxean birziklatzen hasi eta ohitura bihurtu zen, ikasi genuen arte. Eta orain oharkabean egiten ditugun keinuak dira horiek.
Ekar dezagun esaera hori hizkuntzara orain. Helduek euskaraz egiten badute, haurrak berehala ohartuko dira horretaz eta askoz errazagoa izanen da haiek ere euskaraz egitea, ohitura hori beraganatuta. Maiz esaten den gisan, gurasoak seme-alaben eredu baitira, baita hizkuntza kontuetan ere. Haurrek ere beren artean euskaraz egin dezaten, zinez garrantzitsua eta lagungarria izanen da helduek ere hala egiten dutela ikustea.
Horixe bilatzen du aste honetan bertan Euskaltzaleen Topaguneak abian jarri duen egitasmoak, “Haurren aurrean helduok heldu” izenekoak. Helduak euskaraz aritzera animatu nahi ditu ariketa sozial honek, egiteak duen garrantziaz jabetzeko, eta horrek, domino piezen antzera, ondokoengan eraginen duela gogorarazteko.
2. Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea. |
Beraz, seme-alabek euskaraz egitea nahi badugu eredu onak eman eta ohiturak transmititu behar dizkiegu. Zenbat eta gehiago orduan eta hobe; eta kate horrek segitzen badu, haurrak errazago iritsiko dira euskaraz egitera, baina ez hori bakarrik, baita ongi eta natural egitera ere.
Hortaz, Zer ikusi, hura ikasi hala dela jabetzeko ez dugu askoz gehiago behar, kontzientzia hartzea besterik ez. Azken batean, kontuan hartzea helduen hizkuntza portaera horiek eragin zuzena daukatela haurrengan, bai ikasteko prozesuan baita erabiltzeko ohituretan ere. Guzti horretaz jabetzen laguntzeko abiatu da hainbat herri eta tokitan Haurren aurrean helduok heldu kanpaina, abenduaren 5era bitartean martxan izanen dena.
CC BY-SA 4.0