Aiurri aldizkaria
ETXEANKANPOAN

Gau beltza: arbasoen ohiturak familian bizitzeko aukera

Jai beldurgarri honek, gure arbasoen ohiturak ezagutzeko, euskaraz bizitzeko eta familian zein herrian bizipen berriak sortzeko aukera eskaintzen du. Izua tartean bada ere, haurrek festa horretan parte hartu nahi izaten dute, beharbada errazagoa delako beldurrei aurre egitea elkarren arrimuan. Eta horretarako oso aproposa da Gau Beltza.

Halloween ezaguna mundu osoan gailendu baino lehen,  tokian tokiko ospakizunak agertu dira azken urteotan.Euskal Herriak ere badu bere tradizio bereizgarria: Gau beltza edo Arimen gaua. Izan ere, garai batean gure herrietan ere ospatzen zen gau ilun eta beldurgarri ezagun hau. Nola? kalabazak eta arbiak hustu eta barruan kandelak pizten ziren hildakoen arimei bidea argitzeko asmoz.

Azken urteotan, ohitura hori berreskuratzeko ahaleginak ugaritu dira. Horiei esker gure ondarea jakinarazi, zabaldu eta era berean, euskararen presentzia indartu nahi dira.

Gau Beltza familian: 

Ez da festa handirik behar  Garrantzitsuena haurrek ospakizunean parte hartzea, beren ideiak proposatzea eta tradizioa elkarrekin bizitzea da. Hona hemen etxean edo auzoan egiteko hainbat ideia:

  • Kalabazak apaindu: hustu, aurpegi beldurgarriak marraztu eta barruan argitxo bat jarri. Utzi haurrei diseinua aukeratzen.
  • Mozorroak sortu: berrerabili etxeko arropa eta materialak, eta animatu haurrak beren pertsonaiak asmatzera.
  • Ipuinak kontatu eta asmatu: entzun herriko kondairak edo sortu elkarrekin beldurrezko istorio bat. Haurrek eman diezaiotela istorioari amaiera.
  • Altxorraren bila jolasa antolatu: prestatu etxean edo lorategian pista eta asmakizun batzuk, eta ezkutatu Gau Beltzarekin lotutako altxor txiki bat: basoko goxokiak, ipuin bat edo apaindutako kalabaza txiki bat, esaterako. Haurrek, banaka edo taldean, pistaz pista joan beharko dute altxorra aurkitu arte. Pista bakoitza udazkeneko elementuekin, pertsonaia misteriotsuekin edo euskal kondairekin lotu daiteke. Horrela, jolastuz eta irudimena erabiliz, ospakizunaren giroan murgilduko dira.
  • Udazkeneko jakiak prestatu: gaztainak erre, kalabaza  edo sasoiko beste errezetaren bat prestatu, haurrek  lagunduta.

Haurrei aukeratzeko, sortzeko eta antolatzeko tartea emanez, errazago ulertuko eta barneratuko dute tradizioa, eurena eginez. Hartara, Gau Beltza denen ospakizuna izanen da, eta ez soilik helduena eta helduek bakarrik prestatua. 

Gau Beltza herrian edo auzoan: 

Gau Beltza kalean eta auzoan ere ospa daiteke, kalabaza-tailerrak, mozorroak, ipuin-kontalariak edo beldurrezko ibilbideak antolatuz. Horrelako ekimenek familiak elkartzen dituzte, komunitatea indartzen dute eta euskarazko aisialdiari lekua egiten diote.

Gau Beltza ez da Halloween euskaraz ospatzea: gure arbasoen oroitzapenak berreskuratzea, belaunaldien arteko jakintza partekatzea eta gure kulturari bizia ematea da.

Zerbait egitea burutan baduzu, baliabide sorta honetan kuxkuxeatu besterik ez duzu:

–         Makusi plataforma, etxean Gau Beltza girotzeko.

–         Youtube kanalak, audioipuinak eta kontakizunak entzuteko.

–         Era agenda, jarduera bereziez gozatzeko.

–       Taupa mugimenduaren laguntza herrian edo auzoan Gau Beltza antolatzeko.