Udazkenetik negurako bidean, gauak gero eta luzeagoak diren aroan, hainbat erritu egin izan dira Europa osoan, baita gurean ere: urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… Barrura begira jartzen gaitu udazkenak. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak beldurrarekin jolasean aritzeko parada eman ohi digu. Gurean ere garai bateko hainbat kontakizun bildu dira, esaterako, kalabazak edo arbiak husten ziren eta aurpegi forma ematen zitzaien, kandela txiki bat sartu eta bide bazterrean argiztatuta jartzen ziren, bizilagunak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko.
Erritu horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen, besteak beste Gau Beltza. Kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali eta beldurra eragitera ateratzen da jendea kalera.
Izuarekin ongi pasatzeko beste aukera bat ematen digu aurtengo Etxepare saria irabazi duen album ilustratuak, Nerea Ariznabarretak idatzia eta Maite Rosendek ilustratua. Mamuki beldurrari buruzko album umoretsua da, etxeko txikiei zuzendua. Kontakizunak Gau Beltza du ardatz. Mamuek sustoak eman behar dituzte, eta inguruan ikara eragin. Mamu txikia, ordea, gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri (Banpiroa, Zonbia, Zakuzahar, Otsoko…) hura sendatzen saiatuko dira. Alfer-alferrik baina! Zer egingo du Mamuki-k Gau Beltza ospatu ezinik?
Finean, liburuak beldurrari buruzko gogoeta jostagarria, gertukoa eta goxoa eskaintzen digu, irakurlearengan irribarrea eta konplizitatea pizten ditu, eta orrialdeetan, xehetasunen bila, atzera egiteko gogoa.
Gau Beltzak parada ederra eskaintzen du bihurrikeriaren bat egiteko, eta euskara ospakizunaren erdian jartzeko. Sari edo ziri!!
CC BY-SA 4.0