Irailarekin batera eskolan hastea dator, eta horrekin batera eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala. Mota guztietakoak iragarriko dizkiete gure neska-mutikoei: kirolak, hizkuntzak, musika eta beste arte diziplinekin lotutakoak, ludotekak…
Zer egin hainbesteko eskaintzaren aurrean? Zalantzarik gabe, guraso zein umeek zenbait irizpide beharko dituzte hautaketa egiteko orduan. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da jarduerak umearentzat motibagarri izatea, gustukoak. Bigarrenik, jarduera kopurua neurrian hautatzea ere komeni da, haurraren agenda gehiegi bete ez dadin.
Eta, horiez gain, jardueraren hizkuntza kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Umea euskaraz eskolatua bada ere, ez dugu ahaztu behar bertan bere esna orduen % 15 baino ez duela ematen. Gainera, eskola eremu formala da, eta bertan ikasiko duen euskara akademikoagoa izanen da. Horregatik, bere denbora libreko jarduerak euskaraz izatea funtsezkoa da, eskolan eskuratutako gaitasun linguistiko hori bere gustuko jardueretan erabiltzeko aukera izateaz gainera, hizkuntza eremu eta erregistro informalago batean praktikatzeko aukera izanen baitu.
Izan ere, gogoan izan behar dugu hizkuntzak ez direla eskolan bakarrik ikasten; bizitzako gainerako egoera guztietan ere hizkuntza erabiltzen dugu. Horretarako erregistro ezberdinak behar ditugu, formalagoak eta informalagoak, eta haurrek ere, euskaraz eroso aritu ahal izateko, hizkuntzaren bi alderdi horiek ezagutu eta praktikatu behar dituzte. Ez baita gauza bera lagunartean hitz egitea plazan eta eskolako aurkezpen batean.
Atari honetan euskarazko jardueren eskaintza eskura duzue. Bertan topatuko dituzue 3-12 urte bitarteko haurrentzako euskarazko jarduera gehienak, eta zehazki zuen herri edo eskualdean dagoen eskaintza.