ARG: @Katxiporreta
KANPOAN

Agata deuna gaueko errituak Nafarroan

Agate deunaren ospakizuna aski erroturik dago euskal kulturan. Gure herrietan ezagunak dira Santa Ageda bezperan, makil bat eskuan dutelarik, kalera kantari ateratzen diren neska-mutil taldeak. Abestiaren erritmoari lagunduz, kantariek lurra kolpatzen dute hura negutik ernatu nahiko balute bezala.

Agate deunaren ospakizunaren harira, nolanahi ere, beste erritu batzuk ere egiten ziren Nafarroako hainbat tokitan. Neguko solstizioko jaien gaineko liburuan Jose Mari Satrustegik dio ohikoa zela Agate deunaren gauean kanpaiak jotzea. Dirudienez, sorginak uxatzeko egiten zen hori, haiek ohitura omen baitzuten gauean ateratzeko. Igal herrian (Zaraitzun), esaterako, 1960ko hamarkadara arte gazteak kanpandorrera igo eta kanpai hotsak ateratzen pasatzen zuten gau osoa.

Horretaz gain, beste erritu batzuk ere jaso zituen Arruazuko etnografoak. Altsasun, adibidez, neska gazteak etxez etxe ibiltzen ziren eskean, eta Arruazun (Sakana) tximiniak garbitzen ziren ohorezko meza entzun aurretik. Bestalde, baziren suari loturiko errituak ere Agate deunaren bezperan. Ablitasen, hain zuzen, ohitura zuten kanpandorrean sua pizteko, udako ekaitzak gau horretan banatzen zirelakoan. Arroitzen ere suak pizten zituzten kaleetan eta, turutaren deiadar baten ondoren, urtean izandako gertaera nabarienak bertso baten bidez kontatzen zituzten herriko agintariek. Suarekiko lotura hori beste inguru batzuetan ere jaso izan da. Italian, esate baterako, suari loturik zegoen Agate deunaren gurtza, Etna sumendiaren leherketen aurkako zaindaria baita.

Horrela bada, otsailaren 4an Agate deunaren koroak kaleetan ibiliko dira non-nahi. Bitartean, hona hemen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Oles oles lurra esna zaitez kanta ederra, lurra neguko loalditik esnatzeko moduko abestia, eta segidan, bideoa.

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat