gau beltzeko mozorroak eta kalabazak
Kanpoan

Tximurrie, manurrie… Arimen Gaua, bihurrikerien garaia

Herri batean eske-errondan ibili, ondokoan kalabazak barrutik argitu iluntasunean bizilagunak beldurtzeko, beste batean etxeko trapu zaharrekin aurpegia estali eta mozorrotu… Belaunaldiz belaunaldi Gau Beltzak aukera asko eman ditu irudimena pizteko, bihurrikeriak egiteko eta, batez ere, lagunartean ongi pasatzeko.

Jatorrian nekazaritza-giroko ohitura izanik, Nafarroako herri txikietan gorde da orain arte. Eta azken urteetan, Arimen Gauaren giroa berreskuratzeko gogoak bultzatuta, auzo eta herri handiagotara zabaldu da.

Ospakizun hura berreskuratzeko modurik hoberena da eskualdeko tradizioa ezagutzea eta gaurko bizimodura moldatzea. Hau da, ezagutza eta sormena uztartzea, usadio zaharrak berrinterpretatzeko.

Sormena pizteko laguntza behar izanez gero, aurten Euskaltzaleen Topaguneak baliabide bikaina argitaratu du: gaubeltza.eus Jaia arrakastatsua izan dadin ideiak, euskarriak eta azalpenak eskaintzen ditu.

“Gure etxean amak egiten zitun gu hagitz haurrak ginen orduan. Ba, kalabaza, edozein kalabaza, (…) Ta begiak egin, ta sudurra, ta ahoa ireki, ta barrenean kandela sartu, ta orduan ikusten ziren begiak. Eta klaro, argitasuna barrenean. Purgatorioko arimentzat zen hura, ta zuk pentsatu, purgatorioko arimak agertzen baldin baziren. Beldurra, klaro beldurra…” (Lesaka; gaubeltza.eus)

Argazkia: gaubeltza.eus