ARG: TDiferencia / 'Errauskine Rock musikala'
Errauskine Rock antzerkiko irudia
KANPOAN

Zuzeneko emanaldietako emozioa

Aurrez aurre ikusitako emanaldiek emozio eta bizipen bereizgarriak sortu ohi dituzte. Gora Gora Fest kultur zikloak sentsazio horiek bizitzeko aukera eskainiko du herriz herri antolatuko diren 65 saioei esker.

Haurrentzako ipuin kontaketak, ipuin musikalak, familia bestak, antzerki saioak eta familientzako magia ikuskizunak euskaraz eskainiko ditu Gora Gora Fest jaialdiak, azarotik abendura bitarte ospatuko den kultur ziklo honen baitan. Guztiak doan izanen dira.

Proposamen honen bidez Nafarroako eskualde guztietara iritsiko da kultura, eta beraz, edonoren eskura egonen dira antzerkia, ipuina edo magia. Ikuskizunak, edonolakoak izanda ere, gozamenerako jarduerak izan ohi dira, ongi pasatzeko eta tarte atsegina bizitzeko tokiak, eta normalean konpainian joaten gara horrelakoetara, izan familiarekin edo lagunekin. Beharbada konpainia horrek ere badu zeresana ikuskizunetan sortzen den giro berezian, izan ere,  pantailen bidez jasotzen ez ditugun emozio eta bizipen bereizgarriak sorrarazten dituzte zuzeneko emanaldiek, eta momentuko erreakzioak indartsuago bizitzen dira aurrez aurrekoetan: poza, algara, sorpresa… eta bizipen hori ondokoekin partekatzeak sentsazio gozo horretan laguntzen du.

Hizkuntzaren eremura etorriz, saio horiek euskaraz izateak positiboki eraginen du, bizipenak ere euskararekin lotuko direlako, eta oroitzapen positiboekin eta une atseginekin bizitakoa errazago barneratzen eta gozatzen da. Hizkuntzarekin ere gauza bera gertatzen da. Horregatik da garrantzitsua seme-alabak euskarazko kultur emanaldietara eramatea.

Onurekin jarraituz, emanaldietara joateari beste bat erantsi izan diote adituek: diziplina artistikoen bidez, haurren garapen linguistikoan eragin daiteke. Izan ere, hitzak, ahoskera, esamoldeak eta beste hainbat baliabide linguistiko eskuratzen dira oharkabean eta modu gozagarrian.

Programazio osoa ERAren Agendan jasota dago, denen eskura.

GORA GORA FEST KULTUR ZIKLOA

  • Azaroaren 7tik abenduaren 14ra.
  • V. Edizioa.
  • Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.
  • Haurrei, gazteei eta familiei zuzendutako kultur ziklo oparoa, Nafarroako hainbat herritan: Ablitastik Zugarramurdira eta Irunberritik Vianara, mendialdeko, erdialdeko eta Erriberako herrietatik igaroz.
  • Helburua: Nafarroako Gobernuak euskarazko kultur eskaintza Nafarroako eskualde guztietara eramatea, euskarak Nafarroako lurralde osoarentzat kohesio elementu gisa duen gizarte balioa nabarmenduz.
  • Euskarabideak antolatua, tokiko erakundeen laguntzarekin.

CC BY-SA 4.0