Musu bete urte
KANPOAN

“Musu bete urte” ikuskizuna, ia 40 urte taula gainean

Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pailazo konpainiak 40 urte beteko ditu 2027ko abenduan. Urterurrenaren harira, pailazo talde ezagunak “Musu bete urte” ikuskizun berria taularatuko du.

Talde aitzindaria 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian, eta 2027ko abenduan, beraz, lau hamarkada beteko ditu. Urte guzti hauetan pailazo taldeko kideak edota pertsonaiak aldatzen joan izan dira. Hasieran Takolo, Pirrutx eta Porrotx izan ziren, ondoren iritsiko ziren Pirritx eta Marimotots; “Pirritx, Porrotx eta Marimotots” hirukote ospetsua osatuz.

Era guztietako antzeztokietan aritu dira eta urtean 120-150 emanalditik gora egin izan dituzte. Are, 200eko langa ere gainditu izan dute!

Urtero sortzen dute ikuskizun berri bat. Irrien Lagunak ekimenaren inguruan, ikus-entzun ugari eta merchandising zabala ere eskaintzen dute. Denboraldi honetako emanaldiak Musu bete urte du izena:

“Musuz bete ditzagun udazkena, negua, udaberria eta uda. Musuz urtea eta bizitza. Musuekin gure lurra ere biraka jartzen delako, kantuan eta dantzan. Eta gu berarekin! Ze zapore du marigorringo baten musuak? Konta daiteke urte oso bat musutan? Zatoz pailazookin eta jakingo duzu!”

Musu bete urte, Nafarroako agenda:

  • Azaroak 22, Zizur Nagusian 16:00etan eta 18:30ean
  • Abenduak 3, Irurtzunen 17:00etan
  • Abenduak 22, Tafallan 17:30ean
  • Otsailak 17, Lizarran 17:00etan

Animatu txikiekin plan berezi bat egitera eta «Musu bete urte» ikuskizunaz elkarrekin gozatzera!

Aktoreak
Porrotx – Joxemari Agirretxe Kerexeta
Marimotots – Mertxe Rodriguez Serrano
Pupu – Izaskun Forcada Pascual
Lore – Joanes Echeveste Bernet
Marigorringo – Oihana Sanchez Artieda

Ekoizpena: Katxiporreta, Koop. E.

Musika: Xabier Zabala; Pirritx, Porrotx eta Marimotots