Inoiz ikusi baduzu haur bat ikuskizun batean, aho zabalik, erne-erne, ezin erneago, istorioan bete-betean sarturik… esperientzia estetiko batean murgilduta dago.
Horrelakoetan, adierazpen artistikoak ardatz, aldi berean, disfrutatzen eta ikasten dute umeek. Ikasketa hori, gainera, ez da edonolakoa. Izan ere, bizitzen eta sentitzen diren esperientziak hobeki barneratzen dira, emozioekin konektatzeak hori baitakar. Bestela esanda, ikasteko modurik hoberena da ikasiko duzun hori plazerarekin eta emozioekin lotzea.
Kultur ikuskizunak, beraz, ezin egokiagoak dira horretarako: antzerkiak, musikak, zinemak, literaturak edo arte plastikoek egoera eta mundu berriak hurbiltzen dizkigute eta entretenimendua esperientzia estetikoarekin uztartzen dute.
Dena den, sormen gaitasuna, gainerako gaitasunak bezala, entrenatu behar da. Haur txikiek berezko irudimen zoragarria dute eta hura handitu dezakete, baldin eta aukera asko eta aberatsak eskaintzen bazaizkie, beren ametsak eta alegiazko mundua elikatuko dituztenak.
Batzuetan esperientzia konpartituak dira, adinkideekin edo familiakoekin; beste batzuetan barne munduan murgiltzeko giltza ematen dute. Batera edo bestera, ez galdu horrelakoak euskararekin lotzeko aukera, euskarazko ekitaldi kulturalak seme-alaben ikaste prozesurako gasolina hobezina batira.
Aurreko artikulu batean esan bezala, euskarazko kulturaz gozatzeko mila modu daude eta horietan asko eta asko ERAren agendan dauzkazue. Jarri eskura askotariko kultur eskaintza, gero zaletasun propioak eta sormen bideak gara ditzaten.