@Deierriko udala
Eraulgo artea
BALIABIDEAKKANPOAN

«Eraulgo artea», kokalekua eta magia bat datozenean

Azken oihua seme-alabekin batera egiteko planetan

Zer izan daiteke «Eraulgo artea»? Izenak nahasketa zoragarri batera eraman gaitzake eta pentsarazi Eraul herriko ondare artistikoaz ari garela: «Gizakiak, materiaz, irudiaz edo soinuaz baliatuz, errealitatearen alderdi bat edo sentimendu bat forma ederretan birsortzen duen jarduera». Ez da horretarako motiborik falta, izan ere inguruan toki eder askoak bisitatu ahal ditugu, esaterako, Hilarrien Lorategia, zaharberritutako bi garbitokiak, Lazkuako behatokia, Altikogainako eta Bargagorriko Burdin Aroko herrixkak…

Zer da, bada, «Eraulgo artea»? Audio-ipuina eta ilustrazioa da, biak bat. Jakina denez, artea zuhaitz espezie bat da, trantsizio klimako eskualdeetakoa, eta Eraul ondoan, hain zuzen ere, horietako bat dago. Oso ezaguna da 1991n Nafarroako Monumentu Natural izendatu baitzuten. Bada, monumentu natural horren inguruan bi diziplina artistiko uztartu dituzte: Basajaun eta Patxo protagonista dituen audio-ipuina eta hori irudikatzen duen ilustrazio aparta.

Beraz, honatx proposamena: Eraulgo artera hurbildu, patxadaz gozatu inguruko ikuspegiarekin, itzal atsegin bat bilatu, kaskoak jantzi, audio-ipuinaren loturan sakatu eta itxi begiak. Ez dago istorio batean murgiltzeko modu hoberik istorio hori inspiratu zuen eszenatokitik entzutea baino.

Amaitutakoan, ireki begiak, Eraulgo artea parean duzue eta horrek errealismoaren konsistentzia emanen dio ipuinaren magiari. Seme-alabekin hitz egin eta orain erreparatu ilustrazioari. Ederra, ezta? Hara! Ipuinean hainbat animalia entzun dira, gai ote zarete ilustrazioan guzti-guztiak topatzeko?

Inguruan ibilbide ugari daude. Horietako bat herritik kanpo dagoen aparkalekutik abiatuta egin daiteke, eta hainbat gune lotzen ditu: Eraulgo artea, herriko eta Oligariako garbitokiak, Lazkuako behatokia eta Altikogaina Burdin Aroko herrixka . Horrez gain, herrian bertan, eliza ondoan Hilarrien Lorategi xarmangarria dago eta goikalde horretatik eskualdeko ikuspegi paregabeak dituzue. Ipuina non entzun argi dago, artearen ondoan, baina noiz? Ibilbidea hasitakoan egin dezakezue, itzuleran, edo bietan! Ibilbidea wikilocen.

Baliabide osagarriak:


Segurtasun oharra: adi Lazkuako behatokian, haurrak eskutik eraman.

CC BY-SA 4.0