Familia eta eskola funtsezkoak dira haurren garapenean, baina kontuan hartu behar da esna dauden orduen % 15 besterik ez dutela pasatzen eskolan. Hizkuntza guztiek hainbat erregistro dituzte (formala, lagunartekoa…) eta denak barneratzeko ez da aski denbora tarte horrekin. Haurrek tresnak behar dituzte eskolako edukiak behar bezala menperatzeko, baita beren sentimenduak (poza, haserrea, umorea…) euskaraz eroso komunikatzeko ere, adibidez, adinkideekin ari direnean egoera informalagoetan. Izan ere, ez da gauza bera lagunen artean esatea:
- “Pasako al zenidake baloia, mesedez?” edo “pasa baloia”.
- “Gustatuko al litzaizuke txutxeriak erostea” edo “ Txutxeak erosiko ditugu?”
Biak ala biak zuzenak dira, noski. Baina egoeraren arabera, bata bestea baino egokiagoa da eta komeni da hori menperatzea.
Larunblai, bada, helburu horri begira sortu zen, alegia, Lehen Hezkuntzako haurren erabilera-ohiturak finkatzen laguntzeko, lagunekin ongi pasatzen duten bitartean. Taldeetan mota guztietako ekintzak eta tailerrak egiten dituzte: jolas antolatuak, eskulanak, haurrek proposatutako ekintzak, irteerak, kanpaldiak…
Nafarroan honako herri eta eskualde hauetan eskaintzen da: Antsoain, Aranguren Ibarra, Artika, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Larraun, Oronoz eta Sarriguren. Egun, ordu eta izen-emateari buruzko informazio gehiago. Eskolaz eta familiaz kanpo haurrei euskaraz egiteko aukerak emateari buruz informazio gehiago nahi duenak ERAn aurretik argitaratutako artikulu honetan izanen du.